INFO

Zubi azpian bizi den gazte baten egoeraz kexatu da Berri-Otxoak plataforma

Gurutzetatik igarotzen den A-8 bidesariaren zubi azpian bizi den 23 urteko gazte baten egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo Berri-Otxoak plataformak. Gizarte bazterketaren aurka eta giza eskubideen alde lan egiten duen erakundeak azaldu zuen Barakaldoko Udalak eskaintzen dituen baliabideak jasotzeko baldintzak betetzen dituela duela hilabete batzuetatik, baina atzo arte ez zela hitzartu gizarte zerbitzuekin bere eskubideak formalizatzen hasteko.

Ohartarazi zuten gazte honen egoera ez dela ezezaguna udalarentzat, «data ezberdinetan udaltzainak bertaratu izan baitira zubi azpian jarraitzen zuela egiaztatzeko». «Udalak eginiko murrizketen ondorio garbia da kasu hau», kexatu ziren. Erabaki horien artean aurkitzen da Gizarte Larrialdien zerbitzua guztiz kentzea.

Era berean, jakinarazi zuten gazteak lan prekarioa duela, non hilean 300 euro irabazten duen, «eta egoera baztertzailetik irtetea eragozten dio».

Erantzunen zain

«Zortzi hilabete beranduago Larrialdiko Laguntza noiz jaso zain dago, alokairu bat ordaindu ahal izateko», argitu zuen plataformak, eta nahiz eta atzo aurreneko hitzordua eduki, ez dakite laguntza jasotzeko tramiteak zenbat iraungo duen. Udalari galdera bera helarazi zaiola azaldu zuten, eta «bakoitzak bere epea dauka» izan dela jasotako erantzun bakarra.

Berri-Otxoaken esanetan, gaztea Barakaldoko alkate den Amaia del Camporekin eta Mikel Antizar zinegotziarekin kontaktuan jartzen saiatu da, «baina oraindik, hilabete batzuk beranduago, erantzun baten zain dago, udal taldea osatzen dutenen sentsibilitate falta agerian utziz».