INFO

Legea betetzen ez duten pisu turistikoak Alokabidera bideratzea proposatu du EH Bilduk

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduren Bilboko bozeramaileak udal taldeak urriko Udalbatzan egingo dituen proposamenak aurkeztu ditu. Horien artean dago, legea betetzen ez duten pisu turistikoak alokairuaren merkatura bideratzea eskatuz egindako proposamena.

Aitziber Ibaibarriaga. (@EHBilduBilbo)

«Erabilera turistikoko etxebizitzen fenomenoak kezka sortzen du etxe bat alokatu nahi duten herritar gehiagorengan», nabarmendu du Ibaibarriagak agerraldian. Gogoratu duenez, Atxuri edo Alde Zaharrean alokairuen prezioak gora egin du azken hilabeteetan koalizioak jasotako datuen arabera. Igoera hori %45ekoa izatera heldu da.

Arazo horren aurrean, EH Bilduren iritziz «beharrezkoa da Udalak jarrera proaktiboa izatea, hitz horren zentzu zabalenean, eta ahalegintzea oporretako alokairurako erabiltzen diren etxebizitzak egunero bertan bizitzeko alokatzea ere».

Aldi berean, EH Bilduk etxebizitzarekin lotuta egingo duen beste proposamen bat aurkeztu du. Azaldu duenez, Otxarkoagako etxebizitzetako jabeekin batera, etxebizitza horien berriztatze plan bat abian jartzea eskatuko du.

«EH Bilduk ikusi ahal izan du zein egoeratan dauden auzo horretako etxebizitza asko, horietako batzuk Udal Etxebizitzaren jabetzakoak. Hezetasun arazo larriak dituzte eta horiekin bukatzeko berriztatze plan bat abian jartzea eskatzen dugu. Horretaz gain, Udal Etxebizitzak-ek diru-laguntzak ematea eskatzen dugu gastuei aurre egin ezin diezaioketen errentariei laguntzeko. Bertan daudenak ezin dira baldintza horietan bizi», nabarmendu du Ibaibarriagak.

Beste proposamen bat beharrizan handienak dituzten herritarrei zuzendutakoa da Eusko Jaurlaritzari Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eman gabe ez geratzea eskatuko dio EH Bilduk, behar izanez gero helburu horretara bideratutako dirua kopurua handituz.

«Gobernuak pertsona guztien ongizatea bermatu behar duela argi daukagu». Ongizatearen berme hori migratzaileek ere izan dezatela eskatuko du EH Bilduk eta Bilboko Portuan harresi bat eraikitzeko lanak bertan behera geratzea eskatuko du.