Iazko finalerdiak errepikatuko dira
Partida oso estuan, Oinatz Bengoetxeak 22-18 irabazi dio Victorri Logroñon eta Altunak ere sufritu egin du Tolosan Ezkurdiari gailentzeko (13-22).
Azken jardunaldi zirraragarri baten ostean, Oinatz Bengoetxea eta Jokin Altunak lortu dituzte finalerdietarako jokoan ziren azken bi txartelak, Victor Esteban eta Joseba Ezkurdiari irabazi ostean.
Gauzak horrela, iazko finalerdiak errepikatuko dira eta larunbatean Olaizola II.a eta Altuna III.ak jokatuko dute eta igandean, Logroñon, Bengoetxea VI.a eta Mikel Urrutikoetxeak.
Adarragan, emozioa puri-purian izan da azken unera arte eta polemikarik ere izan da, errioxarrak kexu agertu baitira, 10-18 zirela, txapeldunak 21. tantoa lortu duen pilotakada kanpoan ikusi baitute. Eta tanto guztiek izugarrizko garrantzia izan dute, Ezcaraykoa helburutik bi tantora geratu baita.
Gorabehera askoko partida izan da Logroñokoa, nafarra 5-0 aurreratu den arren, etxeko pilotariak ez dio aurpegirik galdu partidari eta lehia oso orekatua joan da uneoro, nahiz eta Victorrek nahi baino huts gehiago egin dituen eta azkenerako garesti ordaindu du.
Beotibarren ez da halako parekotasunik izan azken markagailuan baina hemen ere majo sufritu behar izan du Altunak Joseba Ezkurdia kanporatzeko. Sakearekin asko asmatu du Arbizukoak lehiaren hasieran eta 6-1 aurreratu da indarka eta ezker gantxoarekin asmatu gabe hasi den Altunaren aurka. Hala ere, amezketarrak bikain erantzun dio eta arma berberak erabiliz, 12-0eko partzial bati esker markagailua irauli du.
Hortik aurrera, saiatu da Joseba Ezkurdia, baina amezketarrak ondo kudeatu du bere abantaila eta garaipen sendoa lortu du.