INFO

Quebec eta EAE, harreman kultural eta ekonomikoak indartzearen alde

Lankidetza harremana sinatu dute Quebec eta EAEk, lau eremutan eragingo duen akordioa: ingurumenean, arlo kulturalean, garapen ekonomikoan eta berrikuntzan. «Elkar Ulertzeko memoranduma» lehendik zetozen bi nazioen arteko harremanak sendotzera dator, Philippe Couillard Quebeceko lehen ministroak eta Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi dutenez. Alor politikoan ere bat datoz bi agintariak; estatu plurinazionalen alde daude.


Montrealetik Quebecera, izen bera daraman nazioaren hiriburura, egin zuen salto atzo Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria buru duen euskal ordezkaritzak. Montreal hiri ekonomikoki indartsua atzean utzi eta Quebec instituzionalera jo zuen, bidaiaren xede nagusietako bat den harreman instituzionalen sendotzea helburu. Xede horri erantzun zion lehendakariak atzoko prestatua zuen egitarauak ere; besteak beste, Philippe Couillard Quebeceko lehen ministroarekin, Jacques Chagnon Asanblea Nazionaleko lehendakariarekin, Jean François Lisee Alderdi Quebecoiseko buruarekin eta Benoit Charette Avenir Quebec koalizioko arduradunekin bildu zen. Programa ofizialaren arabera bederen, ez zuen bilkurarik egin Quebec Solidaire ezkerreko alderdi independentistarekin.

Eguneko ekimena Quebec eta EAEren arteko lankidetza hitzarmenaren izenpetzea izan zen. Gobernuaren egoitzan egin zuten izenpetzea bi agintariek, ordubete inguru iraun zuen bilkuraren ostean. Aurrez, “Euzkadi” egunkariaren ale bat opari egin zion Urkulluk Couillardi, Agirre lehendakariak Gobernu Kontseilua osatu zuenekoa. Izenpetzearen ostean adierazpenak egin zituzten kazetarien aurrean, “Elkar Ulertzeko Memoranduma” agiriaren nondik norakoen berri emateko.

Urkulluk azaldu zuen bi herrien arteko harremanak lehenagotik datozela, baina atzo izenpetutako lankidetza akordioak harremanok «sendotzeko» balio behar duela gaineratu zuen. Aipatu akordioak lau jarduera eremu biltzen ditu bere baitan: ingurumena, arlo kultura, garapen ekonomikoa eta berrikuntza. Aldaketa klimatikoaren aurkako jardunean egingo dituzte indarrak bat bi gobernuek, baita kultura dibertsitatearen babesean eta sustapenean ere, politika linguistikoan bereziki.

Kanada eta Europar Batasunak izenpetutako CETA akordioari ere egin zion erreferentzia lehendakariak, honen bidez Quebec EAErentzat Ipar Amerikarako atea izan daitekeela azpimarratuz, eta alderantziz. Azkenik, bi nazioek “Horizon 2020” bezalako nazioarteko kontsortzioetan parte hartzeko egindako apustua azpimarratu zuen.

Zeren eredu?

Lankidetza akordioa garrantzitsua izanagatik ere, kazetarien fokua –hala euskaldunena nola quebectarrena– Euskal Herriaren eta Quebecen subiranotasun prozesuetan kokatu zen, Kataluniako afera aitzakia moduan erabilita. Couillardek azpimarra berezia egin zuen Kanadako Estatuaren izaera federalean, quebectarrak federazio horretan, instituzio zabalago baten baitan, «gustura» daudela adieraziz.

Gogoratu behar da Couillard Quebeceko Alderdi Liberaleko kide dela, hots, ez da abertzalea, gutxiago independentista. Hala, lehen ministro quebectarraren hariari jarraitu zion Urkulluk, Estatu espainiarrak herrialdearen plurinazionaltasuna onartu behar duela esanez, «ondoren praktikan jarri dezan. Hori da gure apustua, Euskadi nazio bezala aitortua izan dadin. Gainera, gustatuko litzaiguke ere herritarrek euren etorkizuna erabakitzea, legearen barruan, aldebiko adostasunen ostean eta garantia guztiekin». Gainera, Quebeceko Gobernuak berriki aurkeztutako “Quebectarrak, Kanadarrak izateko gure modua” dokumentua goraipatu zuen lehendakariak.

Bestalde, bi agintariek egin zuten bat gatazka politikoak «elkarrizketa» bidez konpondu behar direla baieztatzean eta Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak hartutako aldebakarreko bidea kritikatzean. Zentzu horretan, Couillardek berak Madril eta Bartzelonaren arteko bitartekaritza lanak egin zituela adierazi zuen, hauen xedea zein izan zen argitu gabe. Estu hartu zuten kazetari quebectarrek beren lehen ministroa, baina ez zioten atera Kataluniaren independentzia deklarazioaren aldeko hitzik.