Larriki gaixo diren presoen askatasunaren aldeko ekimena Alcala Meco espetxean
Ibon Iparragirre eta Manu Azkarate Alcala Mecon dituzte preso eta gaur anbulantzia itxura zuen furgoneta batekin joan dira euren bila, bien askatasuna aldarrikatzeko ekimena izan da eta bertan izan dira larriki gaixo diren bi presoen amak ere.
Larriki gaixo diren presoetako bi espetxeratuta dituzten kartzelaren aurrera eraman dute gaur hainbat herritarrek hauen askatasuna eskatzeko aldarria. Alcala Mecoko espetxe atarira gerturatu dira anbulantzia itxura emana zuen furgoneta batekin, bien aske uztea eta behar bezala artatuak izateko eskubidea aldarrikatzera.
Espetxeraino bertaraino Manu Azkarate eta Ibon Iparragirreren bila. Larriki gaixo diren presoen askatasuna aldarri @sare_herritarra -ren ekimena Alcala Mecon #prestgaude https://t.co/4pwS6kJU3Q pic.twitter.com/EkL6hZveTp
— naiz: (@naiz_info) 2017(e)ko azaroak 14
Ibon Iparragirreren kasua azpimarratu dute, «hil ala biziko egoeran» dagoelako preso ondarroarra. Sagrario Ramosek eta Angelita Burgoak, bi euskal presoen amek, ere parte hartu dute protestan eta eurekin izan dira hainbat euskal ordezkari politiko ere. Bertan izan dira ERCko Teresa Jorda eta Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea. Baita EH Bilduko Jon Iñarritu, Julen Arzuaga, Unai Urruzuno eta Marian Beitialarrangoitia ere eta Podemoseko Eduardo Santos, besteak beste.
Azken honek Twitter bidez adierazi du «estatu bat giza eskubideak nola errespetatzen dituenaren arabera» dela epaitua, «Ibon Iparragirre oso gaixorik dago. Ez da kartzelan hil behar». EH Bilduren Espainiako Kongresuko kontutik ere salaketa zabaldu dute, «Ibon etxean hartzeko #prestgaude» idatziz. Sarek urtarrileko manifestazioaren harira sustatu duen kanpainaren leloa da #PrestGaude hori eta ekimena egin duten herritarrek eta babestu duten eragileek argazki bateratua egin dute espetxe atarian lelo horri helduta.
Ohar bidez Sarek Azkarate eta Iparragirreren egoera salatu du eta arbuiatu «Espainiako Gobernuak muzin» egiten diola larriki gaixo dauden presoen giza eskubideak errespetatzeari. «Ez dute beraien legea ere betetzen», salatu du Sarek. Horren aurrean deia, «gu ez gara geldi geratuko: prest gaude mugitzeko, eta prest gaude mugitu behar direnak mugiarazteko». Ekimen herritarrak dio horregatik erabaki dutela «Ibonen eta Manuren bila etortzea (...) kartzelak ukatzen dien tratamendu eta jarraipen medikua eskaini eta haiengana ahalik eta gehien hurbiltzeko».
Ekimen ugari Iparragirreren askatasunaren alde
Aldi berean, batean eta bestean Iparragirreren askatasunaren aldeko ekimenak ugaritzen ari dira. Sarean, 7.000 sinadura inguru bildu dituzte azken orduotan ondarroarra aske uztea eskatuz. Hainbat unibertsitatetan, gainera, baraualdiak abiatu dituzte gaur Iparragirreren askatasunaren alde eta atzo Nafarroako sindikatu guztiek larriki gaixo diren presoen askatasunaren alde egin zuten.
Espetxezaintzaren esku dago orain Iparragirreren askatasuna, epaileak erabakia atzeratu egin du eta hirugarren iritzi bat eskatu du. Madrilgo Kolegioak izendatu ditu hirugarren txosten hori egingo duten medikuak.
Leioako kanpuseko baraualdia. @IAbertzaleak