INFO

Belen Gonzalezi agur sentitua eman dio Sortuk Lazkaon

Joan den astean gaixotasun luze baten ondorioz hil zen Belen Gonzalezi agur ekitaldia eskaini diote igande eguerdi honetan Lazkaon Sortuko kideek eta bere gertukoek. Bere ibilbide militantea gogora ekarriz, Gonzalezen borroka pertsonal eta politikoak azpimarratu dituzte.

Belen Gonzalez agurtzeko ekitaldia egin dute Lazkaon.

Azaroaren 16an zendu zen Belen Gonzalez Donostiako ospitalean, gaixotasun luze bat tarteko. 2009an minbizia detektatu ziotenetik etxean zegoen, espetxealdi arinduarekin, aurretik urte luzez kartzela ezberdinetan preso egon ostean. Igande honetan Lazkaon, bere jaioterrian, agurtu nahi izan dute Sortuko kideek, baita bere gertukoek ere. Ekitaldian bere borrokak ekarri dituzte gogora, arlo guztietakoak, pertsonalak eta politikoak. Bertan izan dira, besteak beste, Arnaldo Otegi, Rafa Diaz, Arkaitz Rodriguez, Jose Lluis Elkoro, Itziar Aizpurua eta Garbiñe Aranburu.

Tximeletei zien miresmena baliatu dute ekitaldiko ikur nagusi bezala eta parte hartu duten guztien artean osatu dute more eta arrosa koloreko bat. Antton Lopezek eta Miren Zabaletak hartu dute hitza lehenengoz. Maitasun hitzak izan dire Lopezenak, Gonzalezekin bizitako esperientziak partekatuz. «Bizitzari eskerrak ematen genizkion militantzia konprometitu baten parte izateagatik», aipatu du Lopezek.

Gonzalezen historia pertsonala militantziari estuko lotuta dago. ETAko militante gisa bi espainiar gobernurekin izandako negoziaketetan parte hartu zuen Aljer eta Suitzan. Aspaldiko lagunak ziren Belen eta Antton, Ziburun elkar ezagutu zutenetik. Partekatu dituzten esperientzietatik nabarmendu du «emakume iraultzailea» zela gizonen mundu batean eta gaineratu du beren azken egunetara arte eraman duela aurrera bere borroka feminista, baita ezker abertzalearekin zuen konpromisoa ere.

«Etorkizuna aldarrikatzen dugu»

Sortuko Kontseilu Nazionalaren izenean Miren Zabaletak hartu du hitza. Honek adierazi du indar handiko emakumea zela Belen. «Emakume ahaldundua izan zen. Bere buruaren jabe egiten den emakume izatetik, herri honen burujabetzaren aldeko konpromisora igaro zena. Frankoren garaietatik aktibismo politikoan, langile mugimenduan edota feminismoan aritu zena», aipatu du.

Azken hamarkadetako aldaketei erreparatuta, bere garaian Gonzalezek egin zuen irakurketa partekatzen dutenak asko direla azaldu du Zabaletak. Batetik, «trantsizioa deitu zitzaion horren gezurra agerian» geratu delako. «Etorkizuna aldarrikatzen dugu», gaineratu du Sortuko ordezkariak, eta Telesforo Monzonen hitzak gogora ekarriz adierazi du: «Burujabetzaren aroa irekitzea dagokigu, Estatuari berdinetik berdinera hitz eginez». Hala, aurrera begira erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo soziala Euskal Errepublikaren aldeko bilakatzea kokatu du erronka gisa.

Hitzartzea euskal preso politiko zein iheslari guztiak gogoratuz amaitu du Zabaletak. Hauek gogoratuz mintzatu da Oihana Garmendia ere. «Etorkizuneko Euskal herria barroterik gabe amesten dugu», adierazi du. Presoen eta iheslarien etxeratzearen aldeko borroka nabarmendu du honek: «Pausoz pauso lortzen ari gara, bide onean goaz», azpimarratu du. Ildo horretan, EPPK-k egindako ekarpena ekarri du gogora.

Lagun eta gertukoek ere hartu dute parte ekitaldian. Hunkituta igo dira eszenatokira bere Lazkaoko lagunak, harekin bizitako uneak gogora ekarriz. Baita azken urteetan bera zaintzen emandako momentuak ere. Adiskidetasunaren lekuko izan dira ondoren Elena Beloki eta Mertxe Galdos, Belenekin trukatutako gutunen pasarteak irakurriz.

Agur ekitaldia borroka feministaren aldarrikapena eginez amaitu da, Belenentzat hain garrantzitsua izan zen hura. Horren adierazle, ezker abertzeko emakume talde zabala igo da eszenatokira.