INFO

Virginia Imaz clown eta aktoreak jasoko du 2017ko Berdintasunerako Emakunde Saria

Berdintasunerako Emakunde Sariko epaimahaiak Virginia Imaz clown eta aktorea sarituko du aurten. Epaimahaiak arte eszenikoen bidez berdintasunaren aldeko sentsibilizazioan 30 urtez egindako ekarpena goraipatu du.

Virginia Imaz clown eta aktoreak irabazi du Emakunderen Berdintasun saria. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Epaimahaiaren hitzetan, «arte eszenikoen alorrean aitzindaria eta berritzailea izan da Virginia Imaz, etiketen kontra borrokatu du eta pailazo ofizioaren duintasuna eman dio, era honetara, kultur arloko beste hainbat emakumeren erreferente bihurtuz».

Genero eta emakumeen inguruko ikasketetan aditua eta prestatua, «feminismoak hausnarketa eta ezaguera behar-beharrezkoak dituela erakutsi du», sariaren epaimahaiaren arabera. Imazek 2018ko apirilean jasoko du saria, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren eskutik.

Gainera, epaimahaiak azpimarratu du «umorea gizartearen ispilu bezala» erabili duela, «konplazentziarik gabe, baina gaiztakeririk gabe aldi berean». «Umorearen bitartez, berdintasuna ideien mundutik emozioen mundua eramateko gai izan da. Eta honekin, emozioaren bitartez, pertsona asko sentsibilizatzea lortu du, lehen pausoa emakume eta gizonen berdintasunaren alde ekiteko», adierazi du.

Saria kultur arloan lan egiten duten pertsona eta talde guztiei luzatu nahi die Emakunde sariko epaimahaiak, «kultura gizartea eraldatzeko tresna ezin hobea dela erakusten baitute, kulturak hainbat berdintasuna zer den ikasteko eta emakumeen parte hartzea eta aitortza sustatzeko estrategia berritzaileak eskaintzen dizkigulako».

Berdintasunerako Emakunde Sariaren aurtengo edizioko epaimahaia osatu dute Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, Emakundeko idazkari nagusi Zuriñe Elordik, Arabako diputatu nagusiaren gabinete buru Nekane Zeberiok, Bizkaiko Aldundiko Enplegu, Gizarteratze era Berdintasun diputatu Teresa Laespadak, Gipuzkoako Aldundiko Politika Sozialen diputatu Maite Peñak, Eudeleko Berdintasun arduradun eta Galdakaoko alkate Ibon Uribek, Repelega Prestakuntza Profesionaleko ikastetxeko berdintasun arduradun Alfonso de Andresek, Emakundeko Prestakuntza eta Programak arloko arduradun Raquel Raposok, EHUko Berdintasun zuzendari Leire Imazek, Ermuko berdintasun teknikari Begoña Fernandezek eta, Aholku Batzordeko ordezkari gisa, Manuela Cuberok.