Ezkurdia eta Zabaletak lehen puntua eskuratu dute partida hotz eta txar batean
Partida eskasa jokatu dute gaur Irurtzunen Ezkurdia-Zabaleta eta Irribarria-Merino bikoteek. Hotzak ere bere eragina izan du eta akats ugari ikusi dira. Bikote sakandarra gailendu da azkenean, 22-20ko emaitzarekin eta lehen puntua poltsikoratu dute Binakako Txapelketan. Irribarria eta Merino, aldiz, bigarren porrota segidan dute gaurkoa.
Gau hotza nabaria izan da Irurtzunen, eta partidan ere argi islatu da. Horri kantxa benetan azkarra batu zaio. Tanto azkarrak eta huts asko egin dituzte lau pilotariek partida guztian zehar. Batez ere hasieran. Amaieran izan da tanto hoberik, baina orokorrean, partida eskasa jokatu dute gaur lau pilotariek.
Etxean jokatzen zuen Zabaletak, baina ez du asmatu. Eta atzeko koadroetan nagusitu denean ere, Ezkurdia ez da batere fin aritu tantoa amaitzerakoan. Eta parekoak ere ez dira hobe ibili. Merinok ere huts ugari egin ditu eta Irribarria ez da nagusitzeko gai izan.
Tanto-ilarak izan dira bi bikoteentzat. 11-7 izan dira aurretik Ezkurdia eta Zabaleta, eta 11-13ra joan da markagailua. 20-15 ere aurreratu dira sakandarrak, baina markagailua berdintzea lortu dute urdinek, Zabaletaren hainbat hutsen ostean. Baina Merinok opari berri bat eta atzelari errioxar eta Irribarriaren gaizki ulertu batek garaipena eman die sakandarrei.
Bi bikoteak ibili dira haien mailaz azpitik eta txapelketan gora egin beharko dute borrokan egon nahi badute. Garaileentzako lehen puntua da, galtzaileek aldiz, hutsean daukate markagailua.