INFO

Udalbiltzako ordezkariak Iñigo Urkullurekin bildu dira

Udalbiltza Partzuergoak bilera egin gaur lehen aldiz Lakuako Gobernuarekin Gasteizen. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Josu Erkoreka bozeramailearekin elkartu dira Luis Intxauspe nazio erakundeko lehendakaria, Haizea Isasa Batzorde Eragileko ordezkaria eta Oihan Mendo Garesko alkatea. Datozen urteotako lan dardatzen berri eman diete.

Erkoreka eta Urkulllu, Udalbiltzako ordezkariekin. (UDALBILTZA)

Udalbiltza Partzuergoak Lakuako Gobernuarekin bilera egin du gaur eguerdian Gasteizen, Lehendakaritzan. Jaurlaritzarekin egin duen lehen bilera izan da gaurkoa. 

Udalbiltzaren izenean izan Luis Intxauspe lehendakaria, Haizea Isasa Batzorde Eragileko ordezkari eta Gamarteko zinegotzia eta Oihan Mendo Garesko alkatea izan dira. Gobernuaren izenean, aldiz, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Josu Erkoreka Justizia eta Herri Administrazio sailburu eta bozeramailea.

Intxauspek Udalbiltzak amaitu berri duen gogoeta prozesuaren emaitzen berri eman dio Urkulluri, zeinetan datorren hamarkadan Udalbiltzaren lan ardatzak onartu diren. Horretaz gain, nazio erakundeak burutu dituen programak eta esku artean dituenak azaldu dizkio. «Gure asmoa izan da Eusko Jaurlaritzari jakinaratzea zein den egiten ari garen lana, Euskal Herri osoa kohesionatzeko», adierazi du Hernaniko alkateak bilera bukatu ondoren.

Intxauspek eskertu egin du Lakuako Gobernuak Udalbiltzari egin dion harrera. «Udalbiltzaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lehen bilera izanik uste dugu erakunde publikoon artean harreman instituzionalak sendotzen ditugun neurrian, elkarlana gauzatzen den artean Euskal Herria Euskal Herriago izango dela, toki eta sektore gahiago jorratuko ditugulako, erakundeon arteko saretze lana oso eraginkorra delako», nabarmendu du.

Administrazioen arteko elkarlana sendotzearen alde agertu da Udalbiltza eta hori errazteko ahaleginean jarraituko du.

Joan zen azaroaren 28an Nafarroako Gobernuarekin bildu ziren Udalbiltzako ordezkariak.