INFO

Parisera trenez, lo gutxi, amets ugari eta irribarre asko

Puntu-puntuan hartu genuen trena Baionan, goizeko bost eta erdietan, ilunpean eta euripean. Parisek eguzkitsu hartuko gintuen goizean, ordu batzuk geroago. Tartean ez zen lotarako aukera handirik izan; amets eta barre egiteko, ordea, soberakoa.


Goizeko bost eta erdiak, Baionako geltokia. Jende multzo handia zen bigarren nasan, baina ez zen aparteko zaratarik, lasaitasuna zen nagusi. Gehiengoa jende heldua zen, asko, Nafarroa Beheretik eta Zuberoatik goizeko lehen orduetan helduak. Bidaiariek ilarak patxadaz errespetatu zituzten eta ez zen arazorik izan trenera igotzeko. Apalategietan jakak eta motxilak utzi eta leku hartzeari ekin zioten ondoren. Kazetariok bagoien arteko egonlekuetan hartu genuen leku, ateak, komunak eta ekipaje astunentzako txokoa izaten den eremuan. Han ziren bidaia osoan lagun izango genituen Uztaritzeko gaita zaleen bonbo eta danborrak.

Hendaian ez zen hain lasaia izan tren hartzea. Nahikoa komeria izan zutela kontatzen zuen ahalik eta modu erosoenean bidaiatzeko eserlekua prestatu zuen Berriozarko neska batek; «jende gehiegi zegoen», zehaztu zuen. «Bigarren trenean joan beharko lukeen jendea lehen trenean sartu da eta antolatzeko arazoak izan dira, eta ardiak bezala mugitu gaituzte batera eta bestera. Baina ongi pasatu da», kontatu zuen Donibane Lohizuneko bere lagunak.

Parisera bidean

Bat batean, bozgorailuetako sirena hotsak ateak itxiarazi zituen, jarraian garagardo lata erraldoi bat irekitzeak aterako lukeen soinu bera atera zuen burdinazko ibilgailuak (pssssssss...) eta pixkanaka makinaria astuna martxan jarri zen. Parisa bidean ginen.

Baziren oraindik zutik ziren lagunak, eserleku batetik bestera kalakan ari zirenak, lo kuluxka egiteko prestatzen ari zirenak, mus partida jokatzeko launaka antolatutako jokalariak ere bai, eta baita orduari erreparatu gabe «hamaiketakoa» egiteari ekin ziotenak ere. «Niri urdaiazpiko ogitartekoa mesedez!», oihukatu zuen Irungo emakume umoretsu batek, pasilloan atzera eta aurrera eskuko kaier batean notak hartzen zebilen kazetariari zuzenduz.

Joaldunak taberna zaintzen

Euskal Herritik trena urruntzen zen neurrian, pixkanaka giroa pausatuz zihoan eta antolakuntzako kideak jarraitu beharreko argibide eta egitarauari buruzko informazioa banatzen hasi ziren. Haien atzetik, bigarren lerroa; ohiko treneko langileek, ohiko uniformearekin, ohiko arropa gris eta txapel bereizgarriekin, ohi moduan, trenaren kulunkei aurre eginez bagoiak zeharkatzen zituzten, baina oraingoan ez zuten bezeroei bidaia txartelik eskatu beharrik.

Bidaiak aurrera egin ahala, giroa baretu beharrean, bazirudien jendearen egonezina handituz zihoala. Baziren kuzkurtuta nola edo hala lo egin nahian zebiltzanak, baina gehiago ziren kalakariak edo zutik lagun arteko berriketan zebiltzanak. Hala, zenbait minutu lehenago zigarroa erre ahal izateko lekuren baten bila galdezka pasa zen bikoteak eman zuen albistea, ondoko bagoietatik itzultzean: «Bada gaztetxea han gibelean eta begiraleek hozkailuak ireki dituzte garagardoak hotz gordetzeko!».

Asteburuetan Paris inguruko presondegietara joaten diren senideek sarri bete izan duten «treneko taberna» itxita zegoen, baina bertako barra ogitartekoak prestatzeko baliatu zuen Uztaritze eta Kanboko gazte kuadrilla batek. Tabernaren bi aldeetan zeuden, bezero eta zerbitzari aldi berean. Sarri agertzen zen norbait kafeak eskatzen ostatua irekia zegoelakoan, baina kafe makinak itzalita zeuden. Aitzitik, bazen txorizo, gasna eta ogia barra gainean, garagardo eta ardoz betetako edalontziekin lagunduta.

Haien ukalondoak barran ongi iltzatuak zituzten gazteek adierazpen bat egin nahi izan zuten. «Gu ez goaz presoen eskubideak aldarrikatzera, gu Johnny Hallydayren hiletara goaz, agur eta ohore!», egin zuen aldarri Frantziako abeslari zendu berriaren hil kapera Parisen zela oroitarazi nahi zuen gazteak. Eta honakoa gaineratu zuen beste batek: «Guk dantzatuko diogu aurreskua Champs Elysees etorbidean».

Haien ondoan, Donapaleu eta Hazparneko sei joaldun zeuden, «indarrak hartzen». Koñak tragoa edanarazi ostean esplikatu zidaten zertara zihoazen Parisa; «txintxoak kartzelatik atera eta gaiztoak sartzera», zioen irriz haietako batek. Galderak erantzuteko hautatu zuten ordezkariak argitu zuen Ituren, Zubieta, Zornotza eta Gasteizko Judimendi auzoko joaldunekin elkartzekoak zirela: «Guztien artean 30 bat izango gara, alegia, preso daudenek entzuteko adina zalaparta ateratzeko moduan», azaldu zuen “bozeramaileak”.

Giroa berotzen

Bidaiak aurrera egin ahala giroa gero eta biziagoa zen. «Paris usaintzen da», zioen antolatzaileek banatutako kontsignak irakurtzen zituen gizon batek. Abiada bizian zihoan trena, eta noizbehinka bidaiari batzuek eskuak belarrietara eramaten zituzten abiadurak eragiten duen zipotz efektua baretzeko. Helmugara azkarregi iritsiko ote ziren beldur, kartak ziztu bizian banatzen zituzten jokoan zebiltzan lagunek. Pixkanaka jendea iratzartzen hasi zen, gauzak apalategietatik jaisten, eta eserlekuetan eroritako ogi papurrak garbitzen. Kanpoan, ordea, oraindik ilun zen, eta itxura guztien arabera baita hotz ere. «Sekulako hotza egiten omen du Parisen», entzuten zen han eta hemen.

Iratzargailua 09:27an jarri zuten. «Guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara, nahiz eta hitz ezberdinez, bat bera dugu hizkera», abesten zuen treneko kabinako mikrofonoa hartu zuen abesbatzak. Horrela, Gontzal Mendibil eta Xeberriren abestiak alferrena ere zutiarazi zuen. Bost minutu geroago, bozgorailu berberetatik frantsesez mintzo zen gizonezko ahots pausatu eta lasai bat entzun zitekeen, eta honako esaldi honekin agurtu zituen manifestariak: «Euskaldunek itzelezko umorea dutela egiaztatu ahal izan dugu. Beraz, penaz eman behar diogu amaiera bidaia honi, eta penaz agurtzen gara. Egonaldi eder bat izan ezazue».

Ateak ireki eta eguzkia sartu zen, ailegatu zen euskaldunen konboia argien hirira. Zigarreta pizteko irrikaz zirenak izan ziren irteten lehenak eta txaleko islatzaile berdeekin zeuden antolakuntzako kideekin egin zuten topo. «Mesedez jarraitu bidea zentzu horretan», adierazten zien laguntzaile batek trenetik ateratzen ziren lagunei. Mago baten kapela zirudien hark, amaiera gabe, untxiak bailiran ateratzen baitziren pertsonak burdinazko kaxetatik. Batzuk iratzarri berriak zirela nabaria zen; ageri-agerikoa zen ere beste batzuek batere lorik egin ez zutela. Ordea, guztien ahotan hitz bat errepikatzen zen behin eta berriz, «hotza».

Ez zuen asko iraun ordea hotzaldiak. Ehunka oinek lur hartu orduko, kolorez jantzi ziren Montparnasseko nasak. Ikurrina andana bilduta zeramatzan kide batek pasatzen usteko eskatzen zuen, eta, bidea irekitzen zuen artean, «zer dira makila horiek? Tomateak jarri behar al dituzu hazten?», galdetu zion irriz adineko gizon batek. Ikurrinek, euskal presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzen zuten oihal zuriek, Kataluniako banderek, Nafarroakoek, Parisko manifestaldirako egindako txartelek... hartu zuten Pariseko zerua.

Istant batean hustu zen trena eta garbitzaileak xurgatzailearekin korridorea eta eserlekuak garbitzeari ekin zioten. Albo batean, “Orain presoak” idatzia zuen pankarta handi bat zabaldu zuten hiru lagunek eta Euskal Herriko edozein kaletan maiz ikusten den argazkia irudikatu zen berehala: “Euskal presoak etxera” leloa oihukatzen zuten ehunka lagunez osatutako manifestaldi jendetsu bat.

Geltokian jendeak harriduraz hartzen zuen manifestaldi inprobisatua. Beste nasa baterantz zihoazen bidaiari familia bateko kideek txalo egin zuten eta «libertad» oihukatu zuten, beste batzuek jakin minez galdetzen zuten, besteek telefono mugikorrekin argazkiak hartzen zituzten, eta gutxi batzuek, hiri handietan sarri gertatzen den moduan, ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen zuten. Ordea, gertatzera zihoana kontuan hartzekoa zen. Euskal Herritik iritsitako milaka eta milaka manifestari Frantziaren bihotzean ziren.

«Zerbaitetarako balio du, oraingo honetan bai», azpimarratu zuen hotzaz babesteko esku larruak jantzi eta Parisko erdigunera abiatu zen lagun batek.