Txapelketa Nagusiaren finalari begirako azken oharrak eman ditu Bertsozale Elkarteak
Igandean Barakaldoko BECen izango den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala iristear dagoela, bertaratuko diren milaka lagunei begira azken irizpideak eman ditu Bertsozale Elkarteak.
Bertsozale Elkarteak 450 lagun baino gehiago jarriko ditu lanean igandean, dena ongi atera dadin. Ikus-entzuleak lagunduko dituzte, saioaren hasieran, bitartean eta amaieran. Une oro argibideak segitzea eskatu dute antolakuntzatik.
Goizeko 9.00etan zabalduko dira Bizkaia Arenako ateak. Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu; kode berbera duten bi sarrera agertuz gero, lehena bakarrik sartuko da aretora. Antolakuntzako kideek bideratuko dute sarbidea, ahalik eta lasaiena izan dadin. Segurtasun arazoak ekiditeko, aretora ezin izango dira sartu garraiorako karroak, bonbonak, sukaldeak, hozkailuak eta antzerakoak, ezta kristalezko edukiontziak, latak eta plastikozko botila handiak ere.
Eserlekuak ez dira zenbakituak. Hala ere, esertzerakoan kontuan izan behar da bata bestearen ondoan jarri behar dela, tartean eserlekurik libre utzi gabe. Eskaileretan eta pasabideetan ezingo da eseri. Eserlekuetan finaleko aldizkaria jasoko dute bertsozaleek eta bertan aretoaren inguruko informazioa zein kontuan hartu beharreko oinarrizko oharrak agertuko dira.
Hasiera, 11.00etan
Saioa goizeko 11.00etan hasiko da. Areto barruan ezingo da erre, jan edota edan. Antolatzaileek eskatu dute ahalik eta gutxien mugitzea eta mugitzekotan bertsoaldia amaitutakoan egitea.
Goizeko saioa amaitutakoan, Bizkaia Arena pabiloia erabat hustuko da: ezingo da aretoan bertan bazkaldu eta antolakuntza ez da galdu daitezkeen objektuen erantzule egingo. Bazkaritarako gunea 6. pabiloian izango da, Bizkaia Arenatik 50 metrora. Bazkaritarako txartela dutenek zein bazkaria eramandakoek han izango dute otordua egiteko aukera; horretarako aulkiak eta mahaiak izango dira bertan. Pabiloi horretan bertan zein finala jokatuko den aretoan taberna egongo da, eskaintza zabalarekin.
Bizkaia Arenako ateak 15.30ean zabalduko dira berriro, eta saioa 16.30ean hasiko da. Iluntzeko 20.00ak aldera sariak emateko ekitaldia hasiko dela aurreikusi da.
Autobusak
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera joateko autobus zerbitzua prestatu du Bertsozale Elkarteak, Aizpurua Autobusak taldearekin lankidetzan, eta 2.400 bertsozalek baliatuko dute aukera hori egunotan izena eman eta gero. Autobusen geltokiak eta ordutegiak www.bertsozale.eus atarian argitaratu dira. Finala BECeko Bizkaia Arenan jokatuko da, Barakaldon, igandean, abenduaren 167an.
Gainerako bertsozaleei ere garraio publikoa erabiltzea gomendatu die Bertsozale Elkarteak, esate baterako, metroz edo trenez.
Halaber, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, 12 urte bitarteko haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da aurrez izena eman dutenentzat, BECeko 6. pabiloian. Zerbitzua saioak irauten duen bitartean egongo da zabalik.