INFO

Salbuespenari, umorea

Kataluniako salbuespen egoera salatzeko asmoarekin, 25 herritako marrazkilari eta idazleek «Il·legal Times» argitalpena aurkeztu zuten atzo. 10.000 ale inprimatu dituzte eta hori bera egitera deitu dute: material guztia eskuragarri dago illegaltimes.org-en.


Ekimena txikikeria batek jarri zuen martxan, edo agian ez. L’Apostrof kooperatibako langileek kataluniari barre egiten zieten hainbat marrazki ikusi eta Jaume Capdevila Kap marrazkilariari hots egin zioten: «Aizu, ez da posible, zeozer egin behar dugu». Egun horretan bertan jarri zuten martxan erantzuna: «Umoreari aurre egiteko bi modu eraginkor daude soilik: edo benetako indiferentzia zintzoa, edo umore gehiago». Emaitza atzo aurkeztu zen “Il·legal Times” argitalpena izan da, Kataluniak bizi duen salbuespen egoera ardatz hartuta 25 herri desberdinetako marrazkilari eta idazleen lana biltzen duena.

Marrazkilari ezaguna da Capdevila, bai Katalunian eta bai atzerrian. Ezagunak dira, besteak beste, “La Vanguardia” egunkariak argitaratzen dituen marrazkiak, baina baita ere umorearen inguruan idatzi dituen hainbat liburu mamitsu. Bere deiari berehala erantzun zioten Kataluniako lankide askok eta hala nola “The Guardian”, “The New Yorker” edo “Charli Hebdo” komunikabideetako hainbat marrazkilarik, besteak beste. Testuetan, ordea, Jaume Cabre, Natza Farre, Manuel Delgado edo Ramon Cotarelo bezalakoek jartzen dute sinadura, beste askoren artean. Euskal Herritik, Jone Goirizelaiak parte hartzen du testu batekin.

Umoreari murrurik ez, etikoa ez bada

Aukera ona izan zen Forges edo El Roto-k Kataluniari buruz azkenaldian egindako marrazkien inguruan galdetzeko. Capdevilak argi hitz egin zuen prozesuaren kontra adierazteko askatasunaren alde, eta umorea tresna bat dela defendatu zuen: «Bisturi bat bezala, mediku baten eskuetan laguntza handikoa izan daiteke, baina psikopata baten eskuetan arrisku bihurtzen da». Horrela, umoreari jarri ahal zaion murru bakarra norbere etikak jartzen diona dela defendatu zuen. «Publikazio honetan independentista asko daude, baina baita ere kontrakoa defendatzen dutenak ere», esanez bukatu zuen.