INFO

Abenduaren 23 eta 31 bitartean Euskal Herriko espetxeetara martxak egingo ditu Kalera Kalerak

«Presoen auzian irtenbidea exijitzeko» Euskal Herriko espetxeetara martxak antolatu ditu Kalera Kalerak. Abenduaren 23an Zaballara abiatuko dira eta urteko azken egunean elkarretaratzea egingo dute Basauriko espetxean eta martxa Martutenera. Horretaz gain, Iruñean, manifestazioa egin dute hilaren 30ean.

Kalera Kalerak Donostian aurkeztu ditu gabonetako martxak. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Urteko azken egunetarako hainbat ekimen antolatu ditu Kalera Kalerak Euskal Herrian. Espetxeetara martxak, elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte puntu ezberdinetan. «Eguberritan etxekoak elkartu ohi gara eta maite ditugun horiek inoiz baino gehiago izaten ditugu gogoan. Aurten ere, mahai askotan hutsune nabarmena izango ditugu».

303 euskal preso politiko daude oraindik ere espetxeraturik (Premin Sanpedro eta Txus Goikoetxea gaur atera dira espetxetik), eta ohar baten bidez gogorarazi dutenez, 100 bat iheslari eta deportatu. «Ehunka preso eta erbesteratu dauden bitartean, ezingo dugu esan benetako bakea dugunik», adierazi dute.

Era berean, gogorarazi dute sakabanaketa eta dispertsio politikak bere horretan dirauela. «Badirudi presoen hurbilketan eta bestelako neurrietan Parisek urratsak eman ditzakeela datozen asteetan. Bada ordua ere Madrilek aurrerapausoak eman ditzan».

Konponbidean pausoak emateko, beraz, hainbat ekimen deitu dituzte datozen egunetarako. Larunbatean, abenduak 23, Zaballako espetxera martxa eginen dute, 11:00etan Subijanatik abiatuta.

Hilaren 30ean, aldiz, Iruñeko kaleetan eta ‘Ez dugu izaterik aske haiek gabe, Iruñerria kalera presoak etxera’ lelopean manifestazioa deitu dute. Mobilizazioa 18:30ean abiatuko da autobus geltoki zaharretik.

Urteko azken egunean, berriz ere espetxeetara abiatuko dira. Basauriko espetxean elkarretaratzea egingo dute 12:00etan eta, ordu berean, Martutenerantz martxa aterako da. Lehenago, 10:00etan zutabe bat irtengo da Zinkueneatik eta 11:30ean beste bat Donostiako Epaitegitik.