INFO

Euskal presoak «etxean eta bizirik», Kalera Kaleraren aldarria Zaballako espetxean

Martxa egin dute Zaballako espetxera, presoen eskubideak aldarri. Aipatu espetxean da Txus Martin, larriki eri den presoa, eta haren askatasuna eskatu dute, baita gaixorik dauden gainerako preso guztiena ere.

Martxan parte hartu duten lagunak, espetxeari so. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

200 lagun inguru bildu dira larunbat honetan, Gabonen testuinguruan eta Kalera Kalera dinamikak antolatutako espetxe martxen baitan, Subijanatik abiatuta Zaballako espetxera gerturatu den martxan.

Martxarekin, gertu diren data seinalatuetan etxeko mahaietan faltako diren lagunekin gogoratu nahi izan dute, baina salaketa zentzu bat ere izan du mobilizazioak. Euskal preso politikoek bizi duten egoera salatu dute, bereziki larriki gaixo diren horiek.

Horien artean dago Txus Martin, Zaballako espetxean preso. Halaber, larriki gaixo diren preso guztien kaleratzea aldarrikatu dute.

«Kolektiboak urratsak eman ditu azken hilabeteetan, eta zentzu horretan guk eskatzen duguna da beraien eskubideak errespetatuak izan daitezela; eskubidea dute, besteak beste, kondena etxetik ahalik eta gertuen betetzeko», adierazi dio NAIZi Oihana San Vicente Sortuko kideak.

Gaurkoa Kalera Kalerak antolatutako dinamikaren lehenengo mobilizazioa baino ez da izan. Datorren larunbatean, esaterako, manifestazioa egingo dute Iruñeko kaleetan eta igandean Basauri eta Martuteneko espetxeetara egingo dituzte martxak.