INFO

Etxeetan kalteak izan zituzten Ondarroako azken zazpi familiak gaur itzuli dira etxera

Luizi batek sortutako kalteen ondorioz 21 hilabetez etxetik kanpo egon ostean, gaur itzuli dira haien etxebizitzetara Ondarroako San Ignazio kaleko azken zazpi familiak.

Kamiñaldeko lanak, Ondarroan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

2016ko martxoaren 8an Kamiñaldeko luiziaren ondorioz etxetik irten behar izan zuten familia guztiak euren etxebizitzetara itzuli ahal izan dira. Gaur, 21 hilabete beranduago, azken zazpi familiak itzuli ahal izan dira.

«Herriak denbora luzea darama albiste honen zain eta azkenean ere iritsi da eguna, bizilagun guztiak beraien etxeetara itzultzeko aukera izan duten eguna», adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. «Hilabete gogorrak izan dira, baina gaur, harro esan genezake tamaina honetako arazoei ere irtenbidea ematen jakin dugula», gehitu du. Hilabete hauetako bidea erreza ez dela izan argi utzi nahi izan du.

Lanak oraindik ez dira amaitu, mendia egonkortzeko azken fasea ez dago-eta bukatuta. «Orain arte lehentasuna bizilagunak etxera bueltatzea izan da, baina 2018an beste guztia bideratu behar dugu», adierazi du. Era berean, lan hauekin ere amaitzean, «gertatutakoa ulertzeko», mendian egindako lanen aurrekariak aztertu nahi ditu Udalak.

Jakinarazi dutenez, etxeen konponketa eta beste etxebizitzen alokairuak «zorpetze maila altua» ekarri dio Udalari, «izan ere, beste erakundeetatik jasotako diru laguntzak ez dira nahiko izan». «Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, baina orain arte moduan denon artean herriaren eraikuntzan aurrerapausuak emango ditugu. Egoera zailenetan ere aurrera egin dugu eta gero ere horrela egingo dugu elkarrekin batera».