INFO

Altsasuko elkartasun auzolana, sareetan txalotua

Etzegarateko portuaren itxierak 400 bat ibilgailu harrapatuta utzi zituen larunbatean errepidean. Altsasuko herriak ordea, aterpe bihurtu eta 1.400 lagun ingururi egin zion ongi etorria elkartasun auzolan erraldoi batean.


1.400 bat pertsonek igaro zuten larunbateko gaua Altsasun errepidean ez aurrera eta ez atzera gelditu ostean. Kiroldegia, aterpea eta frontoia atondu zuten gaua igarotzeko, baina askok altsasuarren etxeetan ere aurkitu zuten aterpea.

Sare sozialetan auzolan handi honen inguruko bideo, irudi eta mezuak ikusi ditugu.

Oihartzun handia izan du Aliehs Eidem Ahren izeneko Facebook erabiltzaileak zabaldutako esker on mezuak. Bi ume txikirekin autoan bidaiatzen zuen lagun honek sei ordu eman zituen errepidean harrapatuta, Altsasuko herritarrek auto-ilaratik libratu eta euren etxeko ateak zabaldu arte. «Altsasuarrek herriko frontoia, kiroldegia, aterpea eta baita supermerkatua ere ireki zizkiguten», aletzen du esker onez.

Altsasuko herritarrek eskainitako elkartasunarekin hunkituta idatzi du mezua Aliehs Eidem Ahrenek, «España osoak jakin dezan«, gaineratzen du. Mezua 2.371 aldiz izan da elkarbanatua azken hogei ordutan.

Twitterren @PabloMM erabiltzaileak ere txalotu du Altsasuko herritarren jarrera. Bere mezuan gogora ekarri du Ana Rosa Quintanak bere telebista saioan Altsasuko herriaren kontra esandakoak. Ia 5.000 aldiz izan da elkarbanatua mezua hau ere.

Marian Fz Okariz Facebook erabiltzailea ere antzera aritu da Faceboken arrakasta izan duen beste mezu honetan.

Azken 15 hilabeteetan asko sufritu du Altsasuko herriak bertako taberna batean bi guardia zibil eta zenbait gaztek izandako istiluaren ostean. Carmen Lamela epailearen aginduz zazpi gazte atxilotu zituzten orduan, eta horietatik hiruk preso jarraitzen dute oraindik ere. Gazte horien gurasoek duten Twitter kontuan ere Altsasuren «benetako errealitatea» jaso nahi izan dute.

Asko izan dira sare sozialetan Altsasuko elkartasun olatua partekatu nahi izan dutenak: