INFO

Sortuk dio ezker abertzaleak ez duela zerikusirik batzokietan agertutako pintaketekin

Sortuk argitu nahi izan du ezker abertzaleak ez duela zerikusirik EAJren batzokietan agertu diren pintaketekin eta, bide batez, eskatu die jeltzaleei gertaera hauek ez erabiltzeko manifestazioan parte hartu ez izana justifikatzeko.

Batzoki batean eginiko pintaketa. (NAIZ.EUS)

Sortuk prentsa oharra kaleratu du EAJren hainbat batzokitan pintadak agertu direla eta. Bertan, adierazi du ezker abertzaleak ez duela gertaera horiekin «inolako zerikusirik. Horiek ezker abertzalearen ildotik eta gogoeta politikotik kanpo daude, eta hori EAJk badaki». Zentzu horretan, ezker abertzalea berriro ez interpelatzeko eskatu dio.

Sortuk ez dauka argi nor dagoen pintaketa horien atzean, ez nork zuzentzen dituen, ez eta zeintzuk diren beren helburuak. «Pintada gehienak gaztelaniaz egiteak gure susmoak handitu besterik ez du egiten», azaldu du.

Gauza bat, baina, argi dauka Sortuk: «Gertaera horren arduradunak lortu du, atzoko mobilizazioaren erabateko arrakasta hizpide izan ordez, pintadak izatea manifestazio bezain hizpide edo akaso gehiago. Norberak atera ditzala ondorioak».

Sarek Bilbon antolatutako manifestazioaren helburuek ahalik eta aliantza politiko, sozial eta instituzional «zabalenak» eskatzen dituela uste du Sortuk, «horixe bera egin dute Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldean ere hori lortzeko saiakera egiten ari da». Horregatik, pintaketen gisako ekintzak, «orain bezalako uneetan are ulertezinagoak dira».

Guztiarekin, EAJri eskatu dio gertaera hauek ez ditzala modu «bidegabean» erabili atzoko mobilizazioan parte hartu ez zuela justifikatzeko: «EAJk eskubide osoa du ez atxikitzeko edo ez joateko mobilizazio horretara zein beste edozeinetara. Baina ez da bideazkoa aldez aurretik erabakitako ausentzia justifikatzen saiatzea, are gutxiago horren ardura ezker abertzalearen edota manifestazioaren deitzaileen bizkar uztea».