INFO

Bi elektrolinera berri ezartzeko hitzarmena sinatu du Udalak Iberdrolarekin

Bilboko Udalak eta Iberdrolak hitzarmena sinatu dute Bizkaiko hiriburuan elektrolinera berri bi jartzeko. Hain zuzen ere, Leizaola Lehendakariaren etorbidean eta Elcano kalean jarriko dituzte eta doako zerbitzua emango diete urtean zehar ibilgailu elektrikoen erabiltzaileei.

Alfonso Gil eta Eduardo Insunza. (Bilboko Udala)

Udalaren eta Iberdrolaren arteko hitzarmena Alfonso Gil, alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak eta Eduardo Insunza Iberdrolaren Bezero Handien zuzendariak sinatu dute.

Hitzarmenaren bidez Udalak konpromisoa hartzen du Iberdrolari hiri-lurzorua lagatzeko, honek kargatzeko puntuak jarri eta ekipoen funtzionamendurako behar diren azpiegituretarako obrak egin ditzan. Hitzarmena 2020ko abenduaren 31ra arteko egongo da indarrean eta besterik gabe berrituko da urtez urte.

Iberdrolak, bere aldetik, ekipoak jarriko ditu, eta hitzamenak irauten duen bitartean gestioaren kostua bere gain hartuko du, bai eta lehenenengo urtean egiten diren kargen kostua ere. Era berean, kargak behar bezala nola egin jakin nahi duten taxistentzako eta Bilboko Udaleko zerbitzuetako langileentzako erakustaldiak egiteko asmoa dauka Iberdrolak.

Hitzarmena sinatzean, Alfonso Gil alkateordeak adierazi du elektrolinera berri bi hauekin «urratsa ematen dela hiriko mugikortasun-eredua aldatzeko eta gero eta garraiobide elektriko gehiago egotean eraginkortasun energetiko handiagoa lortzen da eta, ondorioz, Bilboko airearen kalitatea eta jasangarritasuna hobetzen dira».

Eduardo Insunza Iberdrolako Bezero Handien zuzendariak azpimarratu nahi izan du Iberdrolak mugikortasun elektrikoaren iritsieran laguntzen duela, betiere «jasangarritasunarekin hartuta duen konpromisoarekin bat datorrelako». «Garraio elektrikoaren alde egitea bide egokia da klima aldaketaren aurkako borrokan eta gainera, airearen kalitatea hobetzen laguntzen du», gaineratu du.