INFO

Berehalako erantzuna exijitu dute Noatum-eko langileek eta sindikatuek

Asteazkenean Bilboko Portuan izandako lan-istripuak eragindako heriotza salatu zuten atzo Noatum enpresako langileek, sindikatuek (ELA, LAB eta UGT) eta Bilboko Portuko Langileen Koordinakundeak hitzartutako elkarretaratzean.


Asteazkenean Bilboko Portuan izandako lan-istripuak eragindako heriotza salatu zuten atzo Noatum enpresako langileek, sindikatuek (ELA, LAB eta UGT) eta Bilboko Portuko Langileen Koordinakundeak hitzartutako elkarretaratzean.

«Berehalako erantzun» bat exijitu zieten agintariei, LAB sindikatuak herenegun jakinarazi bezala, 2015etik portuan hildako hirugarren langilea izan baita 54 urteko santuntziarra.

Ezbeharra asteazken goizean gertatu zen, 9.50 aldera, portuko A-1 kaian. Montajes Electricos Gerpe S.A. enpresako behargina zen, Noatumek azpikontratatutako konpainiakoa, eta uretara erori zen gidatzen ari zen orgarekin batera. Kaitik gertu zegoen garabi baten mantentze lanak egiten ari ziren, eta garabiaren kableak eusten zituen fenwick batean zegoen langilea.

Segituan bertaratu ziren Portuko Agintaritza, Osakidetza, suhiltzaileak, Ertzaintza zein Gurutze Gorria, gorpua lehorreratu ahal izateko.

Istripuaren arrazoiak argitzeke daude oraindik, baina Portuko Agintaritzak adierazi zuenez, Noatumekin harremanetan daude, «istripua nola gertatu zen jakiteko eta horren arrazoiak argitzeko».

Portuko Koordinakundea

Bilboko Portuko Koordinakundeak ere ohar bat argitaratu zuen bere webgunean; bertan lan-istripuak gaitzetsi, eta horiek ekiditeko esfortzu ekonomiko eta gizatiarra bikoizteko eskakizuna egiten zieten enpresaburuei. Horrez gain, langileei beraiei ere arretaz jarduteko ohartarazten zieten, «edozein lanetan heriotza gehiago deitoratu behar izan ez ditzagun».