EH Bildu: «Garaia da Cabacasen hilketa argitzeko, ez horretan aritzen direnen aurka jotzeko»
EH Bilduk «babesa eta elkartasuna» adierazi die GARA, NAIZ eta Jone Goirizelaia abokateari, ‘Ugarteko’ ezizenez ezaguna den salaketaren ondorioz asteazkenean hasiko den epaiketaren harira. «Garaia da Iñigo Cabacasen hilketa behingoz argitzeko, ez helburu horrekin aritzen direnen aurka jotzeko», adierazi du koalizioak.
Asteazkenean izango da Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruko lehen epaiketa, baina NAIZ, GARA, bertako kazetari Iñaki Iriondo eta zuzendari den Iñaki Soto eta familiaren abokatu den Jone Goirizelaia izango dira epaituak. ‘Ugarteko’ ezizenez ezagutzen den ertzainak 250.000 euro eskatu ditu.
Honen harira, EH Bilduk «elkartasun osoa» adierazi die auziperatuei. «Ertzaintzak Basauriko gaztea hil zuen egunean benetan gertatu zena argitzen saiatzeagatik, informazio zuzena emateagatik», azpimarratu du koalizioak.
«Lotsagarritzat» jo du epaiketa, eta sistema judiziala «oso toki txarrean» jartzen duela gaineratu. «Bada garaia gertatu zena behingoz argitzeko eta errudunak epaitu eta kondeantzeko. Inolako zentzurik ez duena eta lekuz kanpo dagoena da kasuari buruzko informazioa eman dutena epaitzea Cabacas zegoen tokian guztiarekin sartzeko agindua eman zuen ertzainaren erantzunkizuna seinalatzeagatik».
Era berean, Cabacas familiaren «mina areagotu» egiten duela ekarri dute gogora eta, gainera, «prentsa askatasunaren aurkako eraso zuzena» dela azpimarratu. Goirizelaiaren kasuan, bestetik, «erreparazio bila egindako lana jomugan» dagoela nabarmendu dute.