INFO

Euskaraldia, 11 egunez euskaraz

Udazkenean, euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoz, Euskaraldia izango da Euskal Herrian. Euskaraldia, ostera, nondik datorren azaltzen du bideo honek.


Euskaraldia. Zer egingo dugu? from Euskaraldia on Vimeo.

Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Jomuga nagusia datorren udazkenean izango da, euskal hiztunen aktibazioa bilatuz ‘11 egun euskaraz’ egitasmoa izango baita orduan.

Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua.

Euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi du Euskaraldiak. Horretarako, hamaika egun horietan, herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtuko dira. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira, baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere. Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Udazken honetan Euskal Herria osoan gauzatuko den Euskaraldiak baditu aitzindariak, izan ere, lehenago ere egin dira hainbat herritan hizkuntza ohiturak aldatzeko aktibazio ekimenak. Bideoan ederki jasotzen dira esperientzia horiek.