INFO

Athleticek galdu egin du Huelvan (1-0), Realak berdindu Zubietan (1-1)

Ez da honakoa asteburu oparoa izan emakumezkoen euskal futbolarentzat. Galdu egin du Athleticek Huelvan Sportingen aurka (1-0), eta berdindu Realak etxean Atleticoren aurka (1-1).

Meritu handiko puntua, Realak Atleticoren aurka eskuratu duena. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Kolpe gogorra jaso du Athleticek igande eguerdi honetan Huelvan; 1-0 galdu eta punturik gabe itzuli dira zuri-gorriak. Haizeak berebiziko eragina izan du jokoaren nondik-norakoan, asko zaildu baitu futbolean behar bezala jokatzea.

Horren isla izan da neurketa, eta apenas ikusi da aukerarik 90 minutuetan zehar. Neurketako lehena 27. minutuan iritsi da, eta Athleticen aldekoa izan da. Baina, Jone Ibañez ez da iritsi ezker aldetik jarritako erdiraketa errematatzera.

Hutsean iritsi da neurketa atsedenaldira, apartekorik jazo gabe. Modu berean hasi da bigarren zatia ere, eta zelaian ikusten zena kontuan harturik argi zegoen gol gutxiko neurketa izango zela –golik bazen, bederen–. Bada izan da, eta ez Athleticen alde. 70. minutuan iritsi da neurketako gol bakarra: Anita izan da golegilea. Amaiera bitartean ez dira gai izan zuri-gorriak aukerarik ere sortzeko.

Realak ere ez du irabazi Atleticoren aurka Zubietan jokatu duen partida (1-1), baina beste irakurketa bat du partiduak; goiko postuetan aurkitzen dira Ligan madrildarrak, eta txapelketa irabazteko hautagai nagusienen artean daude.

15. minutua betetzerako aurreratu dira markagailuan bisitariak, Roblesen golari esker. Gainera, eta markagailuan aurretik joanagatik ere, beraiena izan da jokoaren agintea lehenengo zatia amaitu bitartean. Hala, ia egin dute madrildarrek bigarrena, baina falta jaurtiketak langan jo du.

Ongi hasi du baina bigarren zatia Realak, eta 52. minutuan partida berdintzea lortu dute. Nahikari Garcia izan da golegilea. Hortik aurrera sufritzea tokatu zaie donostiarrei. 54an bertan sekulako aukera izan du Ordegak Atleticorentzako bigarrena egiteko, eta hala izan du Sosak ere 80.ean. Sufrituta, baina meritu handiko puntua eskuratu du Realak Zubietan.