INFO

«Niretzat nahi dut independentzia ez nire bilobentzat»

Ez da oso gustukoa izan Torrenten erabakia ANCk 14.30erako deitu duen mobilizaziora gerturatzen ari diren herritarrentzat baina onartu dute atzerapena. Hori bai, zalantzak izan arren Carles Puigdemontek presidente izan behar duela diote gehienek, independentzia belaunaldi honek lortuko duela pentsatzen jarraitzen dutelako.

Este navegador no soporta el elemento video.


Sant Jaume plazan 14.30ean egin dute deialdia ANCk eta Omniumek, aurrez Bartzelonako beste hainbat puntutan abian dira eragile ezberdinek deitutako mobilizazioak eta 15.00etan da hitzordu nagusia Lluis Companys pasealekuan.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak gaurko saioa atzeratzea erabaki arren mobilizazioak mantendu dituzte herri eragileek eta ordua baino dezente lehenago hasi dira lehen herritarrak hitzorduetara batzen.

Zer iruditu zaie Torrenten erabakia? Gehienei ez zaie gustatu, «gaur Puigdemont presidente izendatzea espero genuen» diote. Gustatu zaio, Isabeli adibidez, Torrentek egin duen hitz hartzea, bereziki Kataluniako presidentea ez duela ez Espainiako Gobernuak eta ezta Konstituzio Auzitegiak ere hautatuko esan duenean, «baina ez dut ulertu horiek esan eta gero bilkura atzeratzea», dio. «Politikoek batzutan halako erabakiak hartzen dituzte eta babestu egin beharko ditugu», dio Franciscok. Ez du zalantzarik Puigdemont izango dela azkenean presidente, «hala eman genuen botoa, ezin liteke besterik». Isabel ere ados, «nire botoa bahitzen ari dira, nik Puigdemont presidente izan zedin eman nuen botoa».

Kameraren aurrean ez du hitz egin nahi mugikorrari begira adi diren bost laguneko kuadrilak, «zer gertatu den aztertzen ari gara oraindik», diote oraindik lekuz kanpo. Alderdi independentista bakoitzaren balorazioei begira ari dira mugikorrean, batak topatzen duena besteari ahoz gora esaten. Ez dute oso ondo ulertu jokaldia baina, «gure lekua edozer gertatuta ere hemen dago, herritarrok errepublikaren bidea babestu behar dugu», diote. Zalantzak bai, Espainiako Gobernua jartzen ari den oztopoen ezagutza ere bai, baina independentzia belaunaldi honek lortu beharrekoa dela diote, «izugarrizko amorrua emango lidake independentzia nire bilobek ezagutzea, eta ez nik!».