INFO

Otsailaren 22an emanen dute Ion Paroten bostgarren baldintzapeko askatasun eskaeraren erabakia

Otsailaren 22an emanen du dei auzitegiak Ion Parot euskal preso politikoaren baldintzapeko askatasun eskariaren inguruko erabakia. Horren harira, mobilizazioak deitu ditu Bagoazek egun horretan bertan eta otsailaren 17an ere.

Ion Kepa Paroten askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea burutu zuten Baionan. (Isabelle Miquelestorena)

Abenduaren 21an aztertu zuten dei auzitegian Ion Parot presoak egin duen bostgarren baldintzapeko askatasun eskaera. Otsailaren 22an emanen dute erabakia.

Ion Parot, Xistor Haramburu eta Jakes Esnal Parisko auzitegiak bizi osorako zigorrera kondenatu zituen, eta Unai Parot espaniar Auzitegi Supremoak 40 urtera kondenatu zituela ekarri du gogora Bagoazek ohar baten bidez. «Mende laurden bat baino gehiago daramate preso. Gizatasun guztia kentzen duen toki batean preso», salatu dute.

Orain arte aztertuak izan diren galdeak beti ezeztatuak izan dira, Bagoazek azpimarratu duenez, «argudio politiko eta ez jurikoetan oinarrituz». Zentzu horretan, prokuradorearen jarrera «lotsagarria» izan dela adierazi dute, aurrekoetan eskariak ezeztatzeko erabilitako argudioak direla-eta. Besteak beste, Baionan duen babesa eta bere eskubdieen alde egin diren mobilizazioak, leporatutako ekintzen larritasunak bizi osorako zigorra dakarrela eta epaileak «ez daudela amnistiatzeko» aipatuta.

«Nola posible ote da, ETAren armagabetzea eta Pariseko mobilizazioaren ostean, horrelako argumentuak entzutea auzitegi batean? Hitz hauek, argi eta garbi, bake prozesuaren kontrako eraso bat dira», gehitu dute. Honela, nahiz eta presoen gerturatzearekin lehen pausoa eman den arren, hauen askatasuna aldarrikatu dute eta horretarako gizartearen mobilizazioa bultzatu.

Bide horretan, otsailaren 17an, 11:00etan Baionako suprefektura aurrean, elkarretaratzea eta giza kate bat antolatuko dute. Era berean, otsailaren 22an, Paroten eskariaren erantzuna ezagutuko den egunean, elkarretaratze iraunkor bat antolatuko dute 13:00etatik 17:00ak arte, Baionako Lesseps Kaian.