INFO

Hasi eta buka, erakustaldia eman du Eibarrek (5-1)

Erakustaldia eman du Eibarrek etxean Sevillaren aurka, eta aise nagusitu da (5-1). Hiru puntuak zakuan, Europako postuetatik puntu bakarrera dira armaginak. [Neurketaren xehetasunak]

Armaginak, gol bat ospatzen. (@SDEibar)

Partida hasterako, lehen minutua bete aurretik, ondoren zetorrenaren erakusle izan den gola egin du Eibarrek. Kike izan da golegilea, eta bidea erraztu dio taldeari burua Ligan baino bestelako txapelketetan zuen Sevilla baten aurka.

Kontraerasora aritu dira eibartarrak eroso ondorengo minutuetan, eta Orellana bihurtu da sevillarren mehatxu nagusia. 10. minutuan eman du lehen abisu serioa Orellanak, eta 16. minutuan egin du gaurko bere lehen gola. Bi eta huts zen partidua, eta ikusten zen ordurako Sevillak zakukada bat gol hartuta itzuli beharko zuela.

21. minutuan, baina, eta epailearen zalantzazko erabaki baten ondorioz, penaltia gauzatu eta gauzak estutu ditu Sarabiak. Etxekoek, baina, berean jarraitu dute, eta segituan egin dute hirugarrena, gauzak bere tokian utziz. 31. minutua zen Ivan Ramisek kornerra barrura errematatu duenean. Halaxe iritsi da neurketa atsedenaldira, nahiz eta Eibarrek izan duen aukerarik aldeak handitzeko.

Bigarren zatiak lehenengoaren sokatik jarraitu du. Eibar nagusi, nahi adina gol aukera sortuz, eta Sevilla sufritzen, kalbarioaren esperoan. 60. minutuan egin du Orellanak laugarrena, eguneko bere bigarrena. Bosgarrena, berriz, Arbillak egin du, 82. minutuan falta jaurtiketa bat zuzenean sarera bideratuz.

Neurketaren xehetasunak, NAIZen webgune berezian.