INFO

Hontzak konpartsaren ‘Rey del Botxo’ garaile, Kopla Txikien Lehiaketan

Musika, mozorroak eta ironia izan dira nagusi Bilboko Kafe Antzokian ospaturiko Kopla Txikien Lehiaketan. Hontzak konpartsaren ‘Rey del Botxo’ koplak lortu du lehen saria Aratusteei hasiera eman dien ekitaldia umoretsuan.

Hontzak konpartsako kideak Kafe Antzokiko taula gainean.

Ehundik gora parte hartzaile izan dira Kafe Antzokian ospatu den Bilboko Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketaren laugarren edizioan. Ironia, sarkasmo, kritika sozial eta politikoa eta, batez ere, umorea izan dira nagusi. Aldi berean, musika, koreografia eta mozorro koloretsu eta ikusgarriak izan dira.

Lehen saria Hontzak konpartsak lortu du, “Rey del Botxo” kopla abestuta. Bigarren saria berriz, Altxaporrue konpartsarentzat izan da eta hirugarren saria Sin Kuartel-entzat. Mozorro onenei saria Altxaporrue-k irabazi du. Animazio onenari saria berriz, Potojorran-entzat izan da.

Bilboko konpartsetatik azaldu dutenez, aurten jorratutako gaien artean honakoak nabarmendu dira: «Bilboko portuaren protagonismoa arma-trafikoan; EAJK bultzatutako hirigintza eredu berria; euskal presoen etxeratzea; Juan Mari Aburto alkatearen aurreskua; patriarkatua; Bilboko herri mugimenduek zabaldutako gune eraldatzaileak; 11 egun euskaraz dinamika; eta Bilbo turistikoa».

Bilboko Aratusteetako kopla txikiek 503 urte bete dituzte, gutxienez. Izan ere, 1515. urtean dokumentatuta daude lehenengo aldiz, sindikoak alkateari gutuna igorri baitzion, orduko kritiken eta sarkasmoen berri emanez.

Bilboko Aratusteak

Kopla Txikien Lehiaketarekin abiatu ondoren otsailaren 13ra bitartean Bilboko Aratusteetako ekitaldi asko ospatuko dira. Jai-batzorde Mistoak prestatutako egitarau zabalean honako hauek nabarmendu daitezke: Igande honetan ospatuko den pontxe eta torrada-txapelketa; ostegun gizeneko Plaza Barriko kontzertua; Bariku meheko eskolen desfilea eta Farolin eta Zaranbolasen epaiketa; Aratuste-zapatuko Bilboko erdiguneko egun osoko festa non sukalde erraldoia, umeentzako tailerrak, kontzertuak, herri-bazkaria, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa, eta abar; Neguko giroa eta sabelak epeltzeko sasoi betean dauden bertoko indaben hurrengo domekako txapelketa; Asteleheneko Plaza Barriko familientzako kontzertua; eta asteartean, «negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogun agurra».