INFO

Milaka pentsiodun Bilbon ordainsari duinak eskatuz

Erretiro pentsio duinak eskatuz mobilizazio jendetsua burutu zuten atzo pentsiodunek Bilbon. Bizitza %1,25 garestitu denean, %0,25eko igoerak pobrezia gehiago dakarrela baieztatu zuten.

Pentsiodunen mobilizazioa Bilboko Udaletxean. (@EcuadorEtxea)

‘‘Adarra jotzen digute. Pentsio duinen alde’’ eta ‘‘Bizitza osoa lanean, gero limosna eman diezaguten’’ zioten kartelak eskuetan hartuta milaka pentsiodun batu ziren atzo Bilboko udaletxearen aurrean, pentsio duinak erreklamatuz.

Salatu zutenez, azken urtean bizitza %1,25 garestitu denean %0,25eko igoera proposatzea pobrezia gehiago sustatzea da. Hortaz, pentsio duinak bermatuko dituen sistema publikoa eskatu zuten.

«Babestu behar den pertsonen eskubide» bezala defendatu zuen, bestalde, pentsioen sistema publikoa Pedro Azpiazu Lakuako Ogasun eta Ekonomia sailburuak Forum Europa-Tribuna Euskadi topaketan. Hala, jarraitu zuen, «finantziazioari dagokionez arazo puntual bat balego», ikusi egin beharko litzateke «zeintzuk diren sakondu beharreko neurriak sistema bera benetan jasangarria izan dadin».

Gizarte Segurantza

Gizarte Segurantzan dagoen defizitari irtenbidea emateko Lakuako Gobernuaren konpromisoa berretsi zuen Azpiazuk. Hein horretan, Estatutuan jasota dagoen legez, erregimen ekonomikoaren kudeaketari dagozkion eskumenak transferitzea eskatu zuen. Horrekin batera, «une zehatz hauetan» defizita badago ere, EAEko langileek urteetan zehar egin dituzten «ekarpen handiak» gogorarazi zituen ordezkariak.

Azpiazu sailburuak eskaini zituen datuen arabera, azken hamar urteetan EAEn pentsioek modu nabarmenean egin dute gora. Hauek, 2007an BPGaren %8,5 izatetik %11,8 izatera pasa ziren 2016an, «pentsio kopuruagatik baino, batez besteko pentsioaren igoeragatik».

Hala ere, Azpiazuk onartu zuen kotizazioen diru-sarrerek ezin izan diotela jarraitu gastuen erritmoari eta, horregatik, BPGaren %0,8ko superabita (2007) %2,5eko defizit bilakatu dela (2016).

EH Bilduk gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoa izateko egin duen proposamenaz galdetuta, erantzun zuen «pentsioak izan behar direna izan behar direla», lan urteak eta hauen kotizazioak kalkulatuz.