Maite Mursego & Maite Neighbor
Maite Mursego eta Maite Neighbor musikariek estreinatu dute Hiru Damatxo komunikazio taldearen eta Islandia ekoiztetxearen ‘Tokiz Kanpo’ saioa.
‘Tokiz Kanpo’ saioa estreinatu berri dute Hiru Damatxo komunikazio taldeak eta Islandia ekoiztetxeak. Bi astetik behin, internetez zabalduko dute binakako elkarrizketan oinarri duen saioa eta estreinekoan Maite Arroitajauregi eta Maite Larburu, Mursego eta Neighbor musikariak, jarri dituzte parez pare.
Eibarko El Corte Inglés parean elkartu dituzte eta musika akademien miseriaz aritu dira, egungo musika hezkuntzak sorkuntza ahaztu eta interpretaziora mugatzen direla gogor deitoratuz.
‘Zer da lehenengo arrautza ala oiloa?’ galdera filosofikoari tiraka ere ibili dira elkarrizketatuak, dantza ala musika lehenetsi nahian. Musikaren irakaskuntzan gorputzaren espresiobideak duen garrantziaz ere aritu dira, baita magiaz, osasunaz eta estasiaz ere.
Maite Arroitajauregi eta Maite Larburu musikarien atzetik, Gorka Erostarbe eta Gorka Bereziartua kazetariak, Ander Gortazar eta Jon Ander Agirre arkitektoak, Itxaro Borda eta Miren Agur Meabe idazleak, Telmo Trenor eta Aitor Etxebarria musikariak eta Ramon Zabalegi eta Nagore Legarreta artistak izango dira binakako elkarrizketetako protagonistak.
Hamabost eta hogei minutu arteko saio hauek gertutik ezagutzeko, entzun Ander Merino Islandia ekoiztetxeko kideak eta Kepa Matxain Hiru Damatxo idea faktoriakoak Info7 irratian emandako azalpenak.