INFO

EH Bildu: «Testu artikulatuan erabakitzeko eskubidea eta kontsulta egongo dira»

Autogobernu Lantaldera testuak aurkeztuta negoziaketa aldia abiatu dute Gasteizko Legebiltzarreko alderdiek. Pello Urizarrek dio Espainiako Estatuaren ezezkoak ez duela prozesua geraraziko. EAJk bere proposamenean zehazki aipatu ez arren azken testu artikulatuak bai erabakitzeko eskubidea eta baita Madrilera eraman aurretik egin beharreko kontsulta ere jasoko dituela esan du Info7 irratian egin ditoen elkarrizketan. 

Este navegador no soporta el elemento video.


«Estatuaren ezezkoek ez dute prozesua geraraziko eta guk aurrera jarraituko dugu, gure helburua burujabetza prozesua baita eta muga bakarra herritarren borondatea». Pello Urizarrek Autogobernu Lantaldera aurkeztu diren proposamen xehatasunak argitu ditu Info7 irratian egin dioten elkarrizketan. EAJk bere testuan espreski erabakitzeko eskubidea eta testua Madrilera eraman aurretik egin beharreko kontsulta ez aipatu izanak kezka eragin diela nabarmendu du, baina dio, hala ere, azken testu artikulatuan biak barne izango direla. 

Erabakitzeko eskubidea barne hartzeak Gasteizko Legebiltzarrak egin beharreko bidea blokatzeko aukeraz galdetuta, uste du EH Bilduko parlamentariak «errealitatea baino mamu bat» dela hori, «erabakitzeko eskubideak ezin baitu eztabaida honetatik kanpo geratu».

Espainiako Gobernuak eman dezakeen ezezkoa «PPk eta PSEk maiz erabili ohi duten argudioa» dela dio Urizarrek baina «autozentsura» ez dela onargarria, «gure bide propoioa egin behar dugu hemen, herritarren gehiengoaren borondatea zein den argi gera dadin». «Eta gero zer?» galdetuta, berretsi du «aurre fase hau egin behar da, erakutsi dadin bide honek duen babes soziala» eta artikulatutako babes hori izango dela hurrengo fasera jauzi egiteko orubea.

EH Bilduren proposamenak egungo Gernikako Estatutua eta Espainiako Konstituzioa ere aipatzen ditu, hauen interpretazio zehatz batek eman ditzakeen aukerak zehaztuz, «ikuspegi eraikitzaile batetik» eginez gero. Koalizio independentistak ez du halakorik espero Espainiako Gobernuaren eskutik, «esperientziak erakutsi digu Estatuaren jarrera ukatzailea izango dela». Hala ere, azpimarratu du EH Bilduk ez duela «etorkizuneko balizko argudiorik baliatuko eskura dauden bitartekoak ez erabiltzeko», Urizarrek nabarmendu du «azken helburua garbi izanik urratsez urrats joateko unea» dela eta «nahikoa gerri» izan beharko dutela Gasteizko Legebiltzarrean abiatutako lanaren emaitza «erabakitzeko eskubidearen aitortza eta elkargo honen estatu izateko eskubidea errealitatea izan daitezen».