INFO

TAOn sortutako arazoa konpontzeko edo dimititzeko eskatu dio LABek Alfonso Gili

LAB sindikatuak salatzen duenez, «Gil jaunak publikoki saldu duen» konponbideak ez ditu kaleratutako langileak baldintzarik gabe berronartzen eta ez ditu langileen aldarrikapenak jasotzen.

Alfonso Gil, PSEko ordezkari eta Mugikortasun zinegotzia.

LAB sindikatuak ohar batean gogoratzen duenez, sei aste daramatzate greban Bilboko TAO zerbitzuko langileek eta salatzen duenez, EAJ eta PSEk osatutatako Udalak «ez du bere erantzukizuna onartu gatazkari konponbide bat jartzeko».

«Sei aste hauetan Udalaren aurpegi ezberdinak ezagutu ditugu. Enpresa eta langileen arteko arazoa zela esan zuen hasieran. Gero, konponbidea gertu zegoela iragarri zuen, baina badirudi hau gehiago dela komunikabideetan publikoki zerbait egiten ari denaren itxura emateko eta ez benetako gatazka konpontzeko», azaltzen du LAB sindikatuak.

Ildo horretan, PSEko eta Mugikortasun arloko zinegotzia den Alfonso Gili zuzendutako eskakizunean «publikoki gutxiago saldu» eta lan gatazkaren konponbidean inplikatzeko deia egiten diote.

«LAB, beste sindikatuekin batera, Eusko Jaurlaritzarekin egin diren bi bileretan egon da, eta hauetan, EYSA CICASA enpresak barre egin dio Bilboko Udalari. Bilera hauetan argi utzi du enpresak berari ez diola eragiten egunero dirurik ez biltzeak, baina Udala eta herritarrei aldiz bai. Gatazka luzeagoa edo laburragoa izateak ez dio enpresari eragiten, baina bai Udal eta herritarrei, enpresak diru publikoa jasotzen duelako zerbitzua eman ez arren», dio LAB sindikatuak prentsa oharrean.

Salatzen duenez, EYSA CICASA enpresak «beraien nahien araberako hitzarmen baten inguruan soilik hitz egin nahi dute enpresako ordezkariek, kaleratutako zazpi langileak berronartu gabe». 

«Gil jaunak publikoki saldu du aste honetan gatazka konponduko zela. Asteazkenean azken orduan, balizko akordio bat helarazi diote enpresa-batzordeari bilerarako hitzordurik gabe. LABen ez dakigu hau den Gil jaunak publikoki saldu duen konponbide famatua, baina proposamen honek ez ditu kaleratutako langileak baldintzari gabe berronartzen eta ez ditu langileen aldarrikapenak jasotzen», dio sindikatuak.

Gaineratzen duenez, «langileei mehatxu egin diete hitzarmena sei hilabetetan sinatuko ez balitz epaile batek hitzarmen kolektiboa inposatuko lukeela».

«Hau onartezina da, proposamen hori duela bi aste Jaurlaritzako Lan Sailak egindakoa baino okerragoa baita», dio LAB sindikatuak.

LABen arabera aukera bi ditu Alfonso Gilek, «sortu duen arazoa konpondu edo dimisioa ematea».

LABetik kaleratutako zazpi langileak berriro lanera bueltatzea exijitzen dute «inolako baldintzarik gabe» eta hitzarmena lan erreformaren aurka blindatzea eta eskubide galerarik ekar ez dezala.