INFO

Lan eskerga eginda eta zortea lagun, garaipen handia eskuratu du Alavesek (1-2)

Majo sufrituta, eta lan bikaina eginda, hiru puntuak eskuratu ditu Alavesek Madrigalen. Neurketaren aginte makila Vilarrealena izanagatik ere, bere jokoa egiteari esker lortu dute saria babazorroek. [Neurketaren xehetasunak]


Sailkapenean gora jarraitzen du Alavesek, jaitsierako postuak gero eta urrunago dituela. Ahalegin horretan berebiziko garrantzia dauka larunbat eguerdi honetan Madrigalen, Txapeldunen Liga helburu duen talde baten aurka, lortutako garaipenak.

Alavesek lehiatu egin du, eta sufritu: majo sufritu ere. Neurketako aginte makila, baina, Vilarrealek izan du. Babazorroena izan bada ere lehenengo aukera, segituan hasi dira etxekoak gol aukerak pilatzen. Bacca 8. minutuan, Castillejo 9.ean... arriskua eraman du hasieratik Vilarrealek.

Goitik behera agindu dute etxekoek lehenengo zatian, baina gola Alavesena izan da: Ely izan da golegilea, buruz. Defentsako lanak merezi izan die babazorroei, horren ondorioz iritsi dira markagailuan aurretik atsedenaldira.

Bigarren zatia ere lehenengoaren antzera abiatu da. Gol aukerak pilatzeari ekin dio Vilarrealek, baina Alaves ez da motz geratu eta min handia egin du kontraerasora. Hala iritsi da bigarren gola, Ibai Gomezen eskutik. 20 minutu geratzen ziren amaierarako, eta garaipena gertu ikusi izanagatik ere asko zegoen jokatzeko oraindik.

Hala, 76an murriztu ditu distantziak Baccak, eta gora etorri da Vilarreal. 82an zutoina izan da binakoa saihestu duena, eta beste Pacheco izan da gol aukera argien aurrean maisuki aritu dena. Kontuak kontu, ez da bigarrena sartzeko gauza izan Vilarreal.

Neurketaren xehetasun guztiak, NAIZen webgune berezian.