INFO

Baldintzapeko askatasuna bosgarren aldiz ukatu diote Ion Kepa Parot euskal presoari

Ion Kepa Parot euskal preso politikoak egin duen bosgarren baldintzapeko askatasun eskaria atzera bota du Dei Auzitegiak. Bagoazek mobilizazioa deitu du apirilaren 14rako Baionan «erabaki lotsagarria salatzeko». 28 urte daramatza dagoeneko espetxean eta duela 13 urte beharko luke kalean.

Bagoazek elkarretaratze iraunkorra egin du gaur Baionan. (@Iurrebidegain)

Parisko Dei Auzitegiak Ion Kepa Parot euskal preso politikoaren baldintzapeko askatasun eskaria atzera bota du. Abenduaren 21ean aztertu zuten auzia eta gaur jakin da erabakia. Bagoazek «lotsagarritzat» jo du epaia eta apirilaren 14ean mobilizazioa deitu du Baionan.

Elkarretaratze iraunkorra antolatu du gaur Bagoazek hiriburu lapurtarrean eta bertan jakinarazi dute erabakia. «Irainduak» sentitzen direla azpimarratu du Emilie Martin bozeramaileak.

Ion Kepa Parot, Xistor Haramburu eta Jakes Esnal presoekin batera, bizi osorako zigorrera kondenatu zuen Parisko epaitegiak eta 28 urte daramatza dagoeneko espetxean eta duela 13 urte beharko luke kalean. Orain arte egindako askatasun eskari guztiak atzera bota ditu epaitegiak eta, Bagoazek atzo salatu zuenez, «argudio politiko eta ez jurikoetan oinarrituz» hartu dira erabaki hauek.