INFO

Arrankudiaga eta Zollo, Dima eta Larrabetzu, udalerri independentistak

Otsailean zehar egindako osoko bilkuretan Arrankudiaga eta Zollo, Dima eta Larrabetzuko udalek, Euskal Herriaren independentziaren aldekoak deklaratu dituzte euren udalerriak. Martxoaren 18ko Independentzia Egunean, Larrabetzun, jendarteratuko dute adostutakoa.

Larrabetzuko Udalean atzo egin zen osoko bilkura. (NAIZ)

Ohar baten bidez Independentistak Sareak azaldu duenez, Arrankudiaga eta Zolloko Udala izan zen udalerri independentista izendatzen lehena, EH Bildukoren aldeko lau botorekin eta EAJren 3 abestentzioekin, otsailaren 5ean egindako bilkuran.

Hilaren 19an iritsi zen Dimakoaren txanda eta, orduan, koalizio abertzaleko sei kideek aldeko botoa eman zuten eta 3 jeltzaleek aurkakoa. Azkenik, atzo bertan, EH Biludren aldeko sei botoekin eta EAJko bost hautetsien abstentzioarekin, aurrera atera zen mozioa.

Independentistak Sareak bultzatuta tokian-tokiko independentista taldeek aurkeztu dituzten mozioetan, arrankudiaga-zollotarrak, dimoztarrak eta larrabetzuarrak diren heinean direla euskal herritarrak, eta euskal herritar legez sentitzen direla munduaren parte. Eta, izaera eta sentimendu hori etengabe agertzen dela eguneroko elkarbizitzan, herriko eragileen jardueretan, jai eta ospakizunetan edo urtero burutzen dituzten hamaika ekimen kultural eta sozialetan.

Era berean, «diktadura frankistaren ostean izan diren hauteskunde guztietan», hiru udalerriotako herritarrek «oso garbi erakutsi dute» beraien izaera eta, gainera, hiruetan Estatu burujabe baten inguruko herri galdeketa egin zuten, jarrera hori berretsiz.

Zentzu horretan, herritarren hitza kontuan hartu eta adierazitako norabidean pausuak egitea eskatzen zieten mozioetan Udalei.

Azkenik, Independentistak Sareak gogoratu du martxoaren 18an ‘Burujabe hobe’ lemapean Independentzia Eguna egingo dela Larrabetzun. Ekitaldi instituzionala 13.30ean egingo da eta bertan aipatu hiru udalek onartutako mozioak aurkeztuko dituzte.