INFO

Elurra heldu da hondartzara, ahaztu argazki kamera eta ireki begiak


Goizeko zortzietan, ohetik bertatik sakelako telefonoa piztu eta begi bat irekita, 120 mezuren abisua ikustean, agian asteazken arrunta ez zela pentsatu, eta kezkak hartu gaitu zenbaitzuk lehendabizi, harridurak ondoren. Argazki bat, bi, hiru… zenbat? Batek daki! Donostian elurra mara-mara ari zuen. Ohetik jauzi egin, zutik jarri, bizkor gosaldu eta kalera. Zertara? Elurra ikustera, ukitzera. «A zer txorakeria», pentsatuko dute batzuek. Bada, elurra bertatik bertara ikustera ohituta ez dagoenak tximeletak senti ditzake azalaren azpian. Bai, bai, egin barre.

Etxe azpiko eskolak 8.30 pasatxoan zabaldu zituen ateak, garaiz iritsi ziren guraso bakanek seme-alabak uzteko eta beren lantegietara ahalik eta atzerapen txikienarekin ailegatzeko. Hiriburuan batzuek klaseak mantendu zituzten; beste batzuek ez, ordea. Zorioneko ikasle horiek korrika batean aritu ziren atzo Erdialdeko kaleetan, Alderdi Ederreko parkean, hondartzan, auzoetako plazetan… jolasean, irrika, elur panpinak egiten, elkarri elurra jaurtitzen…

Ume zoriontsu horien artean nahastu ziren atzo Donostian helduak ere. Adina gorabehera, ilusioa sumatzen zen, eta gure hiria lehenengoz deskubrituko bagenu bezala miretsi genuen han eta hemen. Memoriak ere ariketak egin zituen otsaileko azken egunean. «Halako elurtea gogoratzen al duzu?». Belarria apur bat zorroztuz gero, ez zen beste gairik Kontxako barandan. 1994. urtea zen geure belaunaldikook 8 urte genituenean. Ikastolak ateak itxi zituen azkenean, arreta arbelean mantentzea ezinezkoa zelako! Lera gorria hartuta Urgull mendian ibili ginen, aldapan gora, aldapan behera.

Arazoak garraioan

Elurrak postaletako irudiak utzi zituen, baina arazoak ere sortu zituen, bereziki garraioan. Atzerapenak ez ezik, Dbus-eko hainbat linea bertan behera gelditu ziren. Goiko auzoetara iristeko zailtasun handiak egon ziren: Intxaurrondo, Altza, Herrera, Egia… sare sozialetan Kontxako pasealekuan kalea garbitzeko makina batek zer arraio egiten zuen galdetu zuten hiritar askok. Etxetik ezin atera zeudela kexu ziren asko, Udala auzo batzuez ahaztu zela kritikatuz.

Onerako zein txarrerako, ez zen beste gairik. Kamerak nonahi. Esku gorrituak, azken belaunaldiko mugikorrei eusten. Klik! klik! Klik! Selfie zaparrada, berehala Whatsapp-ez bidaltzeko. Pena puntu bat ere bai segundo batez. 1994 hartan ez zen halakorik eta, hala ere, inork ez du egun hura ahaztu. Momentuan bertan gertatzen ari dena pantaila bidez sentitu al daiteke? Akaso, klik bakoitzarekin ez al da elurra urtzen? Ba al da eskuak eskularruz babestu eta, garai analogikoetan bezala, elurraren usaina begiez hartzea baino gauza hoberik?