INFO

Hamarretik emakume bakarra da baserritar profesionala Gipuzkoan, nabarmendu du EBELek

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Departamenduak emandako diru-laguntza batzuen bidez, Gipuzkoako EHNE sindikatuaren baitako Emakume Baserritarren Elkarteak (EBEL) lurraldeko emakume baserritarren errealitatea aztertu zuen 2017an. Gaur goizean eman dituzte ikerketa horretako emaitzak eta, bide batez, martxoaren 8ko lanuzteetan «ahal den neurrian» parte hartzeko deia helarazi diete baserritarrei.

Emakume baserritarren errealitatea aztertu du EBEL elkarteak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Azterketari dagokionez, ateratako ondorio nagusiena izan da baserrietan emakumeek egiten duten ordaindu eta aitortu gabeko lan asko dagoela. Ondorio horretara iritsi dira jakitean hamarretik emakume bakarra dela baserritar profesionala, nahiz eta hamarretik zazpik egiten duten lan baserrian. «Horietatik lauk kanpoko lanaren bidez jasotzen dute soldata baina baserrian ere aritzen dira, eta gainontzeko hirurek, nahiz eta erretiroan egon, lanean dihardute», azpimarratu du Rosa Arregi, elkarteko kideak.

Helarazi dute orain arte ez dela zehaztasunez jakin zer nolako papera duten emakumeek baserrian, baina datuek ez dituztela harritu gaineratu du Arregik, eta egoera okerrerantz doalakoan dago. «Emakumeon figura ezerezean geratzen da, eta errekonozimendurik ezean etorkizuna hari batetik zintzilik geldituko da», ohartarazi du. Izan ere, emakumeen %20ak bakarrik du 50 urte baino gutxiago eta erreleboa beharrezkoa delakoan daude, hamarretik bik 80 urte baino gehiago baitute.

Baserriko lan-orduez ere mintzatu dira. Emakume baserritar profesionalek (%10), batez beste, astean 51,5 ordu egiten dute lan. Aldiz, kanpoan dihardutenak, beraien jardunaz gain, baserrian astean 13 orduz aritzen direla adieraz dute, guztira, bi lanak batuz, 50,1 orduetara helduz. Erretiratuen kasuan, %40a osatzen dutenak, 16,4 orduz dihardute baserrian lanean.

Titulartasunari dagokionez, emakumeen %60k du ustiategiaren titulua «baina %10ek bakarrik jasotzen dute baserritik eratorritako soldata, gainontzekoei tituluak ez die ezer aportatzen, ez soldata ezta aitortza ere».

Era berean, aitortuta ez dagoen lanari dagokionez, zaintza eta etxeko lanak aipatu dituzte: «Menpekotasuna duten pertsonen zaintzan emakumeak arduratzen dira %80an». Hori horrela, Garikoitz Nazabal EHNE Gipuzkoako presidenteak gizonei inplikazio gehiago eskatu die, autokritika egin eta egoera aldatzeko.

Administrazioak bere gain tresnak badituela gogorarazi dute, adibidez ekonomikoki eskulana balorean jartzeko edo-eta ustiategietako prezio fiskalak eraldatzeko. «Beste alde batera ez begiratzeko» eskatu diete agintariei eta beraien aldetik elkartu eta hartu daitezkeen neurriei buruz hitz egiteko prestu daudela jakinarazi dute.