INFO

Martijaren freskotasunak denak konbentzitu ditu

Etxeberriko atzelari gazteak onartzen du «hasieran gehiago» kostako zitzaiola pentsatzen zuela.


Sutan jarritakoan probatzen omen da nolakoa den eltzea eta Julen Martijak ez du su askorik behar izan lehen mailako pilotaria izan daitekeela baieztatzeko. Gaztea, lehen mailan apenas lehiatu gabea... dena zen zalantza Etxeberriko atzelariaren inguruan duela 14 aste, baina Jokin Altunarekin aspaldiko bikoterik gazteena osatu duen atzelari nafarrak duda horiek guztiak betiko uxatu ditu, finalerdietarako txartela uste baino errazago lortuz.

Eibarren azken jardunaldian jasotako kolpea horretan, kolpean geratu da eta, lehen fasea oso luzea izan den arren «gustura eta finalerdiak jokatzeko ikaragarrizko gogoarekin» aurkitzen da Julen Martija. Dena arrapaladan etorri zaio baina kazetarien galderen aurrean ere gero eta erosoago sumatzen dugu atzelaria. «Hasieran bai pentsatzen nuen gehiago kostatuko zitzaidala, eta egia da beste erritmo bat dela, beste pilota batzuekin jokatzen dela, baina nik uste dut nahiko ondo moldatu naizela eta egindako ligaxkarekin oso pozik nago», azaldu dio GARAri.

Hobetzekoen artean, partidetan behetik gora egiten duela eta hasieratik topera irten nahiko lukeela du Arakil ibarreko pilotariak. «Egia da batzuetan gehixeago kostatzen zaidala partida hasieretan, pilotek bote gehiago dutelako edo, ez dakit, batzuetan urduri hasten naizelako ere izango da, baina gero, partidek aurrera egin ahala, askoz hobeto sentitzen naiz eta Jokinek ere asko laguntzen dit».

Pilota gehiago

Kantxatik bertatik, Jokin Altuna izan da Julenek berme guztiak ematen dituela ohartzen lehenetako bat: «Hasieran ikusten nuen bera asko saiatzen zela laguntzen, pilota asko kentzen zizkidan, nire onerako egiten zuen, baina orain dagoeneko askoz pilota gehiago uzten dizkit hor aurrean emateko eta berarekin oso gustura jokatzen dut».

Amezketarrak ere eskertu du, Lau eta Erdiko txapelketa irabazi berri, burua desintoxikatzeko ere astirik gabe, lehen hiru edo lau partidak itogarriak izan baitziren berarentzat. «Hasieran gehiago kostatzen zitzaion, urduriago zegoen, ez zen ondo jartzen eta gehiago lagundu behar zitzaion, baina zorionez partida batzuk oso gogorrak izan ziren baina gure aldera erori ziren eta horrek asko erraztu digu bidea, bigarren itzulian asko askatu da», onartu du Altunak.

Bikoteaz galdetuta, argi du Altunak erantzuna. «Julen artista bat da kantxan, kanpoan bezala, oso lehiakorra da. Honi bai gustatzen zaiola beti irabaztea, asko haserretzen da ondo jokatzen ez duenean eta hori kantxan nabaritzen da, nahiz eta gaztea eta lehen txapelketa izan. Txapelketa hasieran agian nabaritu zuen urduritasuna baina ez da normalean urduri jartzen, beterano baten mailan ari da», gaineratu du Lau eta Erdiko txapeldunak, hilabete honetan bertan 22 urte egingo dituen beste beteranoak.

 

Soroaren finala, oso gipuzkoarra

Gaur jokatuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan Miguel Soroaren Omenezko seigarren txapelketaren finalak, eta maila nagusikoa, Zubizarreta-Garmendia eta Eneko Labaka-Aranguren bikoek jokatu beharrekoa, erabat gipuzkoarra izango da. Pronostiko zailekoa ere bada, bi bikoteek nahikoa erraz gainditu baitzituzten finalerdiak, 22-8 Ioritz Egiguren-Sarasari eta 22-10 Prieto-Lizeagari.

Zubizarreta ataundarrak sekulako joko maila hartu du eta jokatzen ari den txapelketa guztietan aurrera egiten ari da eta atzean Garmendia berme osoko atzelari bat bezala jokatzen ari da.

Gaurkoan lan zailak izango ditu Aitor Aranguren dominatzen, Aginagakoa ere maila bikainean ari baita azkenaldian. Dominatzea lortzen badu, Eneko Labaka artista da gantxoa erabiltzen eta albizturtarrak ez du barkatzen.

Promesen mailako finala ere oso erakargarria agertzen da, Mata-Cuairan eta Agirremalloa-Elizegiren artean. J.O.