INFO

Euskal Irratiek Esker1000 desafioa abian jarri dute 1.000 musikari taularatzeko asmoz

1000 musikari batu nahi ditu Ipar Euskal Herriko hurbileko euskal irratien federazioak Esker1000 egitasmoa gauzatu eta kontzertu berezi bat eskaintzeko.


Euskal Irratiek Esker1000 desafioa abian jarri dute eta 1.000 musikari behar dituzte erronkarako. Zehazki, musikari horiek guztiak taula gainean jarri nahi dituzte batera, denen artean euskal rock kantu mitikoenak jotzeko eta haiekin gozatzeko.

Aurreratu dutenez, aurtengo ekainaren 30ean Ipar Euskal Herrian izanen da lehen hitzordua, urtero ospatzen den EHZren festibalaren baitan. Hitzordu garrantzitsuena haatik, hurrengo urtean izanen da. Oraindik leku eta data zehaztu ez duten arren, musikari guzti horiekin esker oneko kontzertu berezi bat eskaintzeko asmoa dute Euskal Irratiek.

Kontzertu berezi honetan hamaika euskal rock kantu mitiko eskainiko dituzte. Proiektua aurrera eramateko beraz,  Euskal Irratien alde taularatu diren 1.000 musikariren bila ari dira egunotan. Zehazki, bateria-jotzaile, baxu-jotzaile, gitarrista eta kantariak nahi dituzte, izan amatur ala profesional, eta noski, belaunaldi ezberdinetako musikariei zabalik dago deialdia. Parte hartu nahi duen edonork izen emateko txostena eskura du Esker1000ko facebook orrialdean.

Euskal Irratiak Ipar Euskal Herriko hurbileko euskal irratiak batzen dituen federazio da eta lau kide dauzka gaur egun, Antxeta irratia (Hendaia), Gure Irratia (Uztaritze), Irulegiko irratia (Donibane Garazi) eta Xiberoko Botza (Maule).