INFO

Ekairen bizi laburraren irudiak josiz bideoa ekoiztu dute bere gurasoek

Hilabete bete da Ekai, Ondarroako gazte transexuala, hil zenetik eta hutsunearen lehen mugarri honetan bere semea zer nolakoa zen erakutsi nahi diote munduari gurasoek, eurek ekoiztu eta sarean zabaldutako bideo batekin.


Hilabete bat igaro da Ekai joan zenetik. Otsailaren 15ean, amak hilik aurkitu zuen Ondarroako 16 urteko gazte transexuala eta ordutik, senide eta lagunak heriotzari aurre hartzen ahalegintzen ari dira. Egunotan, Ekairen bizi laburraren testigu izandako irudiak josiz bideo ekoiztu du Ana Belen Martinez amak eta sarean partekatu du haren hutsunearen lehen hilabetean. 

Bideo xume honekin, bere semea zer nolakoa zen erakutsi nahi dio munduari amak. Antonio Orozco abeslariaren ‘Mi héroe’ abestiak batzen ditu argazkiak,  argi eta garbi utziz Ekai bere amaren begietara heroi handi bat zela. 

Otsailaren 16an ezagutarazi zuen Chrysallisek Ekairen heriotza. «Jendarte osoak galdutako borrokatzat» jo zuen gaztearen heriotza adin txikiko transexualen senideen elkarteak eta Ekaik egunero parean aurkitzen zituen borrokak nerabe batentzat gehiegi izan litezkeela ondorioztatu zuen komunikabideetara igorritako oharrean.

Gaztearen heriotzak samina eta etsipena ekarri zituen Ekairen jaioterria zen Ondarroara. Senide eta lagunekin elkartasunez eta transfobiarik gabeko herri aske baten alde hiru egunetako dolua deitu zuen Ondarroako Udalak. Heriotzaren biharamunean, ostera, Ekairi «gero arte» esan eta «oraindik zain daudenen neska-mutilengatik» aniztasunaren alde elkarretaratze jendetsua egin zuten.

Elkarretaratze eta mobilizazioak Euskal Herri osora zabaldu ziren ondorengo orduetan, gazte transexualek egunero bizi duten egoera salatuz.