INFO

«Izan zure nahia», Nahiaren ametsa eta bizilegea

Identitatearen gaian sakontzeko Ruandan sortu baina Ziburun bizi den Nahiaren atea jo du MUAK euskal media digitalak. Haren eskutik ezagutuko dugu  ‘izan nahi duzuna’ aholkuaren benetako mamia.


26 urteko ziburutarra da Nahia. Afrikan sortu zen, Ruandan, bere ama, baina, erditu orduko hil egin zen. Aitak Nahia jaio berriarekin eta bere sei anai eta bi ahizpekin aurrera egin ezin zuela, adopzioan eman zuen Nahia eta Euskal Herritik joandako familia bati esker eraiki du bizitza Ziburun.

Identitatearen gaian murgiltzeko asmoz elkarrizketatu du MUAK euskal media digitalak Nahia. Izan ere, Nahia transgeneroa da, hau da jaiotzean esleitutako generoarekin ez dator bat egungo Nahia.

Gizon bat bezala ulertzen ez zela onartu orduko abiatu zuen barne iraultza; eta barruan zein kanpoaldean eragina izan zuen eraldaketa horrek lagunengan, familian, inguruan edota lanean izan dituen ondorioak azaltzen ditu kamera aurrean.

Yago Garbizu izan da identitateen itsaso zabalean murgildu den kapitaina. Eta itsaspeko bidaia honen azken jomuga bizitza osoan zehar, behin eta berriz, entzun dugun ‘izan nahi duzuna’ esaldia mamiz eta edukiz betez azaltzea izan da. Argi dauka Nahiak zer adiera duen esaldi borobil horrek eta «Izan zaitezte libro zuekin eta izan nahi duzuena!», gomendioarekin agurtzen ditu ikusleak.

Entretenimendua, kultura eta ‘Native publizitatea’ sustatu gura duen MUAK-ek egitasmoaren ikus-entzunezkoa da honakoa. Joan den astean izan genuen komunikazio proiektu honen berri. Orduko hartan, Fermin Muguruzari egindako ‘Talo elkarrizketa’-ren berri eman genuen, MUAK web elkarrizketen estreinaldia, hain zuzen ere.