Giza armarria irudikatuko du Gure Esku Dagok Iruñeko Gaztelu plazan maiatzaren 19an
«Erabakiaren auzia eztabaidaren erdian jarri asmoz», Gure Esku Dagok giza armarria antolatuko du Iruñean maiatzaren 19an, giza kate txikien bitartez Nafarroaren armarria irudikatuz. Ekimen honen bitartez, ekainaren 10eko giza kateari begira parte hartzea sustatu eta nafarren erabakitzeko borondatea agerian utzi nahi dute.
Nafarroan ere hitzordua ezarri du Gure Esku Dagok. Maiatzaren 19an, Iruñeko Gaztelu plazan, giza armarria irudikatu nahi dute. Nafar hiriburuko Katakraken egindako agerraldian aurkeztu dute ekimenaren nondik norakoa. Elastiko eta zapi gorriz jantzita, eskuz esku lotuz, elkar lotutako giza kate txikiak osatuko dituzte, guztien artean Nafarroako armarria irudikatzeko. Gaztelu plazako kioskoa izango da armarriaren erdigunea.
Gaurko aurkezpena Juan Kruz Lakasta kazetariaren eskutik iritsi da, eta lehen keinua Kataluniako herritarrei egin die, azken hilabeteetako egoera eta batez ere atzoko kartzelaratzeen aurrean elkartasuna adieraziz.
Gure Esku Dagoren lanak lau ardatz nagusi jarraituko ditu datozen hilabeteetan: galdeketak, herritarren ituna, ekainaren 10eko giza katea eta gaur plazaratutako giza armarria. «Erabakiaren zikloa zabaltzen ari gara», azaldu du Lakastak.
Anabel Arraiza eta Aitor Urrutiak azaldu dituzte Iruñean eginen den ekimenaren helburuak: «Nafarron erabakitze nahia irudikatu nahi dugu eta indarrak bildu denon artean etorkizunari heltzeko». Mosaikoaren antolaketa errazteko, izena ematea eskatu diete herritarrei, bai herrietan jarriko diren mahaietan edo Gure Esku Dagoren webgunearen bitartez.
Era berean, ekimen honen bitartez, ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katerako parte hartzea sustatu nahi dute. Bertan, nafarrak Zarautzen eta Gasteizen bilduko dira.