INFO

Asilo eskubidea defendatuz, denon «etorkizuna» eraiki

Biarritzeko Europa biribilgunean aurkeztu zuen Bizi! mugimenduak «etorkizuna» kanpaina. Migranteak defendatzea xede, apirilaren 3an lehenengo ekintza eginen du. Boluntarioak migranteak atxikitzeko zentroan azalduko dira, Hendaian, etorkinen tokia hartzeko prest, «beraiek gu garelako».


Europa migranteentzako kartzela bilakatu dela salatzeko eremu sinbolikoa aukeratu zuen Bizi! mugimenduak. Biarritzeko hiriak Europa izendaturiko biribilgunean egin zuen hitzordua, atzo goizean, “EtorkiZUna” kanpaina aurkezteko. Letra handiz idatziriko «zu» horrekin mezu argia plazaratu nahi dute; «beraiek gu garela, eta beraiekin batera geroa nahi dugula eraiki», laburbildu zuen Anaiz Agirrek. Bizi! mugimenduko bozeramaileak gogor kritikatu zuen frantziar Gobernuak indarrean eman nahi duen migrazio lege berria, baita Bruselako agintariek «harresiz inguraturiko Europa» baten alde eginiko hautua ere.

«Migranteak atxilotzen dituzte, gerra, pobrezia eta klima aldaketarekin loturiko egoerak jasangaitzak direlako; horregatik, ihes egitera behartuta dauden pertsona horien defentsa gure gainean hartu behar dugu», gaineratu zuen Bizi!-ko kideak.

Bere ondoan, iheslari horien alde engaiatzeagatik Estatuaren errepresioa pairatu duen kidea, Frantzia hego-mendebaldetik heldutako ekintzailea. Cedric Herrou laborariak auzi bat baino gehiago du, eta behin-behineko kondena bat jaso du migranteak bere etxaldean aterpetzeagatik.

Roya, haran errebeldea

Italiako mugatik gertu dagoen Roya haranekoa da Herrou, eta zortzi bat aldiz atxilotu dute, bidean galduta ibiltzen diren migranteak laguntzeagatik.

Atzo Biarritzen eginiko ekimenean parte hartu aurretik, Mediabask hedabidearekin hitz egin zuen. Egun, migranteen aldeko dinamikan funtsezko ardatza asilo eskubidearen defentsa dela esan zuen Herrouk. Horregatik, Royan sorturiko elkartasun mugimenduak helburu zehatza finkatu du: migranteak laguntzen dituzte asilo eskaerak bete ahal ditzaten, gehienetan Nizako epaitegira joan-etorriak bermatuz.

Bidaia ez da batere erraza. Italiako muga igaro eta 20 kilometrora zehazturiko segurtasun eremuan migranteen ehiza lazgarria burutzen du Poliziak. Bertatik igarotzen direnek dozena erdi bat check-point gainditu behar dituzte. Horregatik, migranteek mendi bidexkak hartzen dituzte gero eta usuago, polizia ekidin nahian bizitza arriskuan jarriz. Dagoeneko hogei bat lagun hil dira bertan.

«Frantziak 60.000 euro gastatzen ditu egunero sistema horrekin, nahiz eta emaitzarik ez duen lortzen, migranteak sartzen direlako beti», azaldu zuen Herrouk. Egoera horren aurrean, lehenik era pertsonalean eman zuen pausoa laborariak. «Immunitate humanitarioa» aitortu zion nonbait frantziar justiziak, eta egoera baliatuta migranteak bere etxetik epaitegira eramaten jarraitu zuen. Alta, elkarte baten bidez antolatzeko hautua hartu zuenean, buruhausteak hasi ziren.

Paristik eskualdeko hautetsien, prefetaren eta jujeen presioak iritsi zitzaizkion. «Immunitate humanitarioa» desagertu eta «elkartasun delitua» agertu zen. Ondorioz, heldu den hilabetean Herrouk ezohiko auziari egin beharko dio aurre. Itsas Alpeak departamenduko prefeturak salaketa jarri zuen bere aurka, II. Mundu Gerra garaian kontzentrazio eremuetan bukatu zuten herritarrak SNCFko trenetan eraman zituztela oroitarazi zuelako.

«Iraganeko pasarte ilunetatik irakaspenak atera behar ditugula adierazi nahi nuen, baina prefetak ez zuen hala ulertu», deitoratu zuen Herrouk. Hain zuzen, alanbre-hesirik gabeko geroa irudikatzeko, lehenengo erronka finkatu zuten atzo Biarritzen bildutako lagunek. Apirilaren 3an, Hendaiako Migranteak Atxikitzeko Zentrora gerturatuko dira iheslarien tokia hartzeko prest diren herritarrak, bide batez «beraiek gu garela» agerian utziz.