Txalaparta eta takoi hotsak bat, Sonakayren azken emanaldian
Txalaparta doinuak eta flamenko dantzak uztartuz ‘Got Talent’ saioaren finalerako txartela lortu du Donostiako Sonakay flamenko taldeak.
Donostiako Sonakay flamenko taldeak ‘Got Talent’ saioaren finalerako txartela lortu du. Txalaparta doinuak eta flamenko dantzak uztartuz aritu zen oholtza gainean, ikusle eta epaileen txaloak eraginez. Joan den asteko emanaldiarekin saioaren final handian euren lekua eskuratu dute.
Txalapartak arreta berezia eragin zuen epaimahaikideen artean eta Yoni Camachok, Sonakay taldeko abeslariak, egoera probestu zuen txalapartaren jatorria telebista aurrean azaltzeko.
Euskara eta gazteleraz abestu zuen Camachok eta epaile lanetan aritzen den Risto Mejidek Estatu espainoleko politikoengana zuzendu zen «hizkuntzek traba baino aberastu» egiten dutela nabarmentzeko. Harekin batera eta bakarrizketetan abila den Eva Hache ere pozarren agertu zen emanaldiarekin eta euskaraz egiten saiatu zen, Sonakay taldeko kideak zoriontzeko.
Mikel Laboaren ‘Txoriak Txori’ kantuarekin aurkeztu zuten euren burua pasa den otsailean, eta orduan ere publikoa zutitu eta harrituta utzi zuten epaimahaia. Sonakay taldeko abeslariak argi azaldu zuen orduan Camaron eta Paco de Lucia bezalaxe, Mikel Laboa edota Benito Lertxundi ere badirela haien haurtzaroko doinu kuttunak. «Kantu honekin gure bi kulturak errekonozituko ditugu» esan zuen Camachok emanaldi hura hasi aurretik.
Euskal kantuen bertsioak egitea gogoko du flamenko talde honek. Orain bi urte Benito Lertxundiren ‘Loretxoa’ kantuaren bertsioa egin zuten Baldin Badako baxu-jolearekin batera.