INFO

Tokiko moneten garapenari mesede egin diezaioke Paueko auzitegiaren erabakiak

Paueko Auzitegi administratiboak baztertu berri du Pirinio Atlantikoetako prefetak Baionako Herriko Etxeak eta Euskal Moneta elkarteak izenpeturiko hitzarmena. Erabakiaren ondorioz, orain arte bezala, beraien borondatez euskotan ondainduak izatea eskatzen duten herritar, elkarte edota hautetsiei dirulaguntzak edo soldatak tokiko monetan ahal izanen dizkie ordaindu Herriko Etxeak.

Iragan urteko Eusko Eguneko irudia, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA/FOKU)

Baionako hiriarentzat zein Ipar Euskal Herriarentzat aurrerapausotzat jo du Euskal Monetak ebazpen judiziala. Era berean euskoarena ez ezik estatu frantseseko beste tokiko moneten garapena ekar dezakeelako baikor azaldu da elkartea.

Euskoa bultzatzen duen elkartea kontent azaldu da ostegun iluntzean jakitera eman zen erabakiarekin. Agiri baten bidez nabarmendu duenez, Pirinio Atlantikoetako prefetak hamar argudio aurkeztu zituen Baionako Herriko Etxeak euskoari zabaldu zion bidea oztopatu nahian.

Ebazpena, baina, zinez argia da. Hori dela eta, aukera izanik ere helegitea aurkezteko, erabaki horren ondorioz «hitzarmenaren legezkotasuna» lehen baino sendoago da gaur elkartearen ustetan.

Euskoarentzat ez ezik, auzitegi administratiboak emandako ebazpena «biziki berri ona da» Estatu frantsesean martxan diren beste tokiko monetentzat ere Euskal Monetaren aburuz. Bere ustez, «legea errespetatzen duen ordainketa sistema bat» balioztatua izan da eta hemendik aurrera, eta inoiz baino lasaiago, «nahikeria duten elkargo guztiek ordainketak ahal izango dituzte egin tokiko moneta baliatuta».

Edonola ere, erabakiak, lehenik eta behin, Baionako herritarrei mesede eginen diela nabarmendu du elkarteak. Orain arte gizarte eremuan baliatzen zen txanpona hemendik aitzin erakunde eremura jauzi eginen duelako, lege berme guztiekin, gainera.

«Garaipen garrantzitsua da Baionako herriarentzat bai eta Ipar Euskal Herri osoarentzat ere, erabakiak lurraldearen zerbitzura dagoen tresna bat azkartzen duelako».

Izan ere, Estatua berriz «tematuko den ala ez» jakiterik ez dagoenez, tokiko garapen ekonomikoa, trantsizio ekologikoa eta euskararen garapena xede duen egitasmoa babesteko modurik eraginkorrena euskoaren erabilpena zabaltzea dela oroitarazi du elkarteak bere agiri horretan.

Hori dela eta, bereziki herritarrei zuzenduriko deia zabaldu du, euskoari atxikitzeko gomita luzatuz. Era berean, lurraldeko hautetsiei ‘Berrikuntzari bai!’ lelopean euskoaren defentsan zabalduriko agiria izenpetzeko eskaera luzatu die.

Euskoaren kidetzari buruzko informazioa zein sostengu manifestua www.euskalmoneta.org helbidean atzeman daitezke.