INFO

Borroka txikiak irabaziz, pauso handiak eman subiranotasunerantz

Oiartzungo Akelarreak bildu duena islatzeko eguerdiko bazkaria erreferentzia bat izan daiteke: 1.500 lagunek bazkaldu zuten elkarrekin eta beste askok ezin izan zuten txartelik lortu. «Ukabil itxien egunak datoz», ohartarazi zuten ekitaldi nagusian.


Gazteak eta errebeldeak direla erakutsi dute Oiartzunen ospatu duten udaberriko ekitaldian parte hartu dutenek. Gaur kanpalekua jaso eta Iruñeko zein Donibane Garaziko Aberri Egunetan parte hartzera joango dira, baina, ostiralean eta larunbatean, jaia eta aldarrikapena uztartu zituzten Gazte Akelarrean. Dituzten kezkak atalka banatu eta tailerretan eta hitzaldietan jorratu zituzten, ondoren guztien laburpena egiteko. Kezka horiek borroka txiki bilakatu nahi dituzte orain, eta, hortaz, baita garaipen txiki ere.

«Dena dugu posible eta ezer ez galtzeko», nabarmendu zuten atzo arratsean eginiko ekitaldia nagusian. Hauxe izan zen mezu nagusia: «Etsipenak ez du gure bihotzetan tokirik. Ukabil itxien egunak datoz, gazte matxinadaren egunsentiekin batera. Euskal gazteria ez dago beste 40 urtez iraungo duen iruzur berri bat onartzeko prest. Herri burujabetza berreskuratu eta dena erabaki dezagun».

Palestina eta Katalunia gogoan abiatu zuten Gazte Akelarreko ekitaldi nagusia. Espetxean hil berri den Xabier Rey oroitu eta espetxeak oraindik sortzen dituen «ohe huts» guztiak betetzeko ordua dela nabarmendu zuten gazteek. Gero, «muxurik beroena»&flexSpace;helarazi zieten Altsasuko auzipetuei epaiketaren atarian: «Zuekin gaude gazteak, animo!», helarazi zieten.

Baina atzo goizeko lehen garaipena kanpin dendatik ateratzea izan zen, biharamunari aurre egin eta beste egun bati indarrez ekiteko. Eskolako frontoian kokatu zuten Akeita gunea, non gazte multzo txiki bat gosaltzen ari zen ipuin kontalariaren istorioei adi. Kalean jende gutxi bazegoen ere, aterpean gazte ugari zeuden herritik zehar antolatutako hitzaldietan.

Kataluniatik Nafarroara

Eskolan, adibidez, “Independentzia zerumugan” solasaldia izan zuen talde batek Eneko Compains eta Albert Noguerarekin. Azken hori, Bartzelonakoa bada ere, Valentzian bizi da eta Herrialde Katalanen ikuspegi zabala dauka. Bere ustez, «burgesia katalanak prozesu independentistari atea ireki dio, eta, nahi duenean itxiko du», eta horregatik uste du aukera hori baliatzea oso garrantzitsua dela. Horretarako Katalunian dauden borrokarako bi tresnak erabiltzea proposatzen du, alegia, herriaren indarra –euren kabuz antolatzen diren herritarrak– eta Omnium edo ANC bezalako ekimenak, «erakustaldi handiak egiteko gai direlako eta inork ezin duelako esan biolentoak direnik». Aniztasun hori positiboa dela azpimarratu zuen, kontua ez delako «borrokarako zein tresna den hobea».

Neska gazte batek galdetu zuen ea Herrialde Katalanetan, Errepublika deitu zen herrialdeetatik kanpo, independentismoaren egoera zer moduzkoa den, eta berak, Valentzian bizi den unetik, egoera ez dela ona onartu zuen. Eneko Compainsek hartu zion txanda ondoren, esanez askotan esaten dela Euskal Herrian Nafarroa Herrialde Katalanetan Valentzia bezalakoa dela, baina ez dutela zerikusirik. «Nafarroa eraldatzen ari da. Euskal Herriko muga 50 kilometro jaitsi da. Tafallan udaletxe abertzalea dago, eta hori lehen pentsaezina zen», azaldu zuen.

Epe laburrera, subiranotasun gatazkak biderkatuko direla iragarri zuen Compainsek. «Zer diozue erretiratuez? Pentsioak Madrilen erabakitzen direlako daude borrokan. Edo zergatik langileek ez dituzte hitzarmen kolektibo hobeak? CCOO eta UGTk Madrilen erabakitzen dituztelako. Etorkizun hurbil batean agertoki berri batean egon gaitezke», bota zuen.

Borroka txiki horietan jarri dute begirada aurtengo Akelarrean, «su txiki» horiek hauspotuz pauso handiak emateko. Atzo eguerdian asanblada egin zuten gazte guztiek elkarrekin ostiralean eta larunbatean egindako hitzaldietako gogoetak elkarrekin laburbiltzeko. Langileriaren iraganeko borrokak gogoan izan zituzten, egun ere injustiziak gertatzen direlako, tartean pentsio ez duinak, kaleratzeak edo prekarietatea. AHT, erraustegia edo Hegoaldeko Saihesbidea bezalako proiektu erraldoien kontrako jarrera ere agertu zuten, “Itoizko espiritua” bizirik dagoela aldarrikatuz.

Era berean, gazteak, independentistak eta sozialistak izateaz gain, feministak ere badirela esan zuten. Hala, pasa den Martxoak 8ko emakumeen greba hasiera besterik ez dela zabaldu zuten, feminismoak askatasunerako aukera ematen duelako.