INFO
Entrevista
Danel ELEZKANO eta Beñat REZUSTA
ASPEKO pilotariak

Danel Elezkano: «Eskuin besoa normal banu, ezkerra ez nukeen hainbeste landuko»

Bikote bitxia osatzen dute Bergarako ezker itxiak eta pilotan ezkerrarekin eta gainontzeko lan guztietarako eskuinarekin erosoago aritzen den zaratamoztarrak. Berez, ez dirudite hitz askokoak, baina gauzak oso garbi dituzte eta nabarmena da txapelketa honek elkarren arteko harremana sakontzeko aukera eman diela eta bien arteko konplizitatea handia dela.


Zaratamon Elezkanoren familiak duen txoko polit batean hartu gaituzte. Beste askoren artean, han dago Elezkanok 2011n irabazitako DV-ko txapela; Arratibelekin batera, Artola-Rezustari irabazi zien finala.

Ogetako sustoa pasatu da?

Beñat REZUSTA: Egia da momentu batean ia kanpoan izan ginela; uneren batean sustorik ere ez zegoen, baina ia ezinezko pilota batzuk eraman genituen eta finalean gaude.

Lotuta aritu zinen zu, Danel?

Danel ELEZKANO: Noski. Oso urduri jokatu nuen, ez dut gezurrik esango. Normalean aurreko gauean ondo egiten dut lo eta ez nuen hala egin, asko kosta zitzaidan, gutxi jan nuen… oso urduri nengoen. Ez nuen partida ona jokatu, hankek pisu handia zuten eta oso gaizki pasa nuen; asko sufritu nuen eta pena da, disfrutatzeko partida zelako eta ez nuelako batere gozatu, baina une erabakigarrienetan, ez dakit nola, ezinezko pilotak eraman genituen eta partida aurrera atera genuen, eta pozik.

Egindako lehen ligaxkaren ondoren kanpoan geratzeko zorian egon zineten. Justua izango zen?

B.R: Justua edo ez, hasi aurretik bagenekien zer dagoen; lehen itzuliko partida guztiak irabazita ere badakizu zer dagoen. Kanpoan geratu bagina, gure errua izango zen; nik behintzat, Altuna eta Martijak horrela jokatzea nahi nuen, ez nuen ezer arrarorik nahi.

Beñat, ematen du, eskuan arazo bat izan ostean, finalerdietan ez zarela horren fin aritu.

B.R: Egia da zalantza batzuk badatozkizula eta eskuarekin zalantzaren batekin bazoaz, edo gutxiago entrenatzeagatik, beste egun batean onak diren pilotak erori egiten zaizkizula. Bai, izan ditut lehen fasean baino zalantza gehiago, baina finalean bagara, gauzak ondo egin ditugulako da. Eskuarekin duda batzuk izan ditut eta halakoetan buruak lan handia egiten du.

Zuk, Danel, txapelketa hasieran izan zenituen arazoak...

D.E: Bai nik uste dut Lau eta Erdiko nahiko ona egin nuela eta horren ostean beheraldia izan nuela, eta inoiz izan ez dudan zirkulazio arazo bat izan nuen atzamarrean. Oso gaizki pasa nuen, buruari ere buelta asko ematen dizkiozu eta uneren batean pentsatu nuen igual txapelketa oso-osorik jokatzera ez nintzela iritsiko, eta begira. Handik gutxira masajistarekin asmatu egin nuen, hoberantz joan zen, orain normal daukat eta asko disfrutatu dut.

Alde horretatik, biak zarete asko entrenatzea behar izaten duten pilotari horietakoak?

D.E: Bai, nik uste dut horretan nahiko antzekoak garela, nahiko burugogorrak, eta asteburuko partidara astean zehar ondo entrenatuta irtetea gustatzen zaigu, eta horretan nahiko antzekoak gara.

Bata gaizki egon denean bestea egon da ondo, orduan?

B.R: Hau binakako txapelketa da, eta batzea da kontua, bikoteari lagundu beharra duenean, eta nik ere, zalantzaren bat nuenean, esan diot aurrean gehiago sartu edo saltseatzeko. Eta alderantziz, bera baxuago ikusi dudanean, laguntzen saiatu naiz eta horretan datza bikote egitea.

Beñat, zure hirugarren finala da jarraian; bikotearen pisua eramatea dagokizu?

B.R: Ez, eta ez zait gustatzen. Hitz egitea gustatzen zait, berak ikusten duena esatea eta nik ere bai; partidan zehar edo aukeraketetan bere iritzia galdetzen diot, eta entrenatzeko egunetan ere hitz egiten dugu eta arazorik ez.

Hala ere, Danel, aukeraketaren batean esan duzu Beñati uzten diozula aukeratzen...

D.E: Egia esan, pilotak aukeratzeko orduan ez dut alde handirik ikusten, eta inoiz ez zait gustatu ardura hori hartzea. Ez dut hainbesteko alderik igartzen eta ez dakit zelan asmatu.

Ba aurten izan diren liskarrekin harrigarria da hori entzutea...

D.E: Bueno, liskar asko egon dira, baina gure partetik ez da bakarra egon. Guk ez dugu kexarik izan, partida bakarrean ere ez. Egia da aste batean irten zela kexatu ginela, baina ez genuen adierazpen bakarra egin pilotak txarrak edo onak zirenik esanez eta gero idatzi zen idatzi zena, baina guk ez genuen kexa bakar bat ere izan.

Beñat, zer ikasi duzu aurreko finaletan honetan baliagarri izan dakizukeena?

B.R: Azkenean saiatu behar duzu beste partida bat bezala izaten. Argi dago gehien aldatzen dena inguruan mugitzen den guztia dela, aurreko egunetan batez ere; inguruko jendeak ere asko bizi du, sarrerak, autobusak, afaria… dena da desberdina, baina ni betikoa egiten saiatzen naiz, betiko errutina mantentzen, entrenamenduetan eta gimnasioan. Askotan urduritasuna ezin da kontrolatu; etortzen bazaizu ezin duzu askorik egin.

Zuretzat, Danel, lehenengoa da. Enpresa aldatu zenuenean halako aukera bat bilatzen zenuen?

D. E: Txikitatik edozein pilotarik duen ametsa profesional izatea da. Nik beti argi izan dut oso zaila dela eta zorte apur bat behar dela. Askotan zorte kontua ere bada eta gero, behin profesional izatea lortuta, denok amesten dugu final handi bat jokatzea. Nik aukera hau daukat eta disfrutatzea gustatuko litzaidake, bai aurreko egunak, baita finalaren eguna bera ere, niretzat handia delako halako partida bat jokatzea. Nigatik pozik nago, baina inguruko jendeagatik are gehiago; horrek ematen dit poza, lagunak eta familia pozik ikusteak; momentu zailak eta lesio asko ere izan ditut eta momentu horietan beti ondoan izan ditut.

Zenbaitentzat harrigarria ere bada besoko arazo horrekin goi mailan aritu ahal izatea?

D.E: Jaiotzetik arazo bat izan nuen, ez nuke izena zehatz esaten jakingo, baina ezin dut besoa erabat luzatu. Azkenean jende askok esaten dit eskuin besoa ezkerra bezala banu askoz gehiago jokatuko nukeela, baina nik beti erantzuten dut eskuin besoa normal banu ezkerra ez nuela horrenbeste landu izango. Bakoitzak duena du, bere dohainak eta gabeziak ditu; ez dit eragiten.

Inoiz ez da traba izan?

D.E: Inondik inora, inoiz ez dit minik egin besoak. Are gehiago, eskuina naiz denetarako pilotan aritzeko izan ezik; hor agian ezkerrarekin erosoago nabil. Asko eskertu behar diet entrenatzaileei, aitari eta anaiari umetan eskuinarekin sakea egin eta jokatzera behartzeagatik. Azkenean asko lagundu dit, nik uste dut indar handiagoa ere badudala eskuineko besoan ezkerrekoan baino, goiko posturan, esaterako; ezker boleaz ez diot batere ematen.

Eta zu, Beñat, esku bakarraz?

B.R: Ni inolako trabarik gabe, baina bai. Agian horrenbeste landu ez dudalako, beti ezkerrarekin askoz lan gehiago egin dudalako. Batez ere txikitan izaten da kontua; nik uste buruan gauza bat sartuz gero, automatiko egiten diren gauzak direla, eta gerora entrenamenduetan-eta saiatu naiz eskuina gero eta gehiago erabiltzen, baina batez ere partidetan, eta garrantzitsuetan are eta gehiago, errazenera edo seguruenera jotzen duzu. Pilota bat galtzeak asko esan lezake eta, esandakoa, segurura.

D.E: Nik gauza bat esango dut, Beñat eskuinarekin entrenatzen ikusiz gero, harritzeko modukoa da. Eskuinaz ere ikaragarri ematen dio pilotari. Ziur nago gero eta gehiago jotzen joango dela. Berak ikusiko du nola ibili behar duen; ondo doakio eta jarrai dezala, baina entrenamenduetakoa harritzeko modukoa da.

Ospakizunak, batera?

B.R: Zalantzak egon dira eta hortxe ibili gara, batera egin edo aparte egin, eta ematen du bakoitzak bere aldetik egingo dugula, guk Bergaran eta Danelek Diman edo. Lehendik ere denbora nahikoa pasa dugu elkarrekin –barrez–. Egiten duguna egiten dugula zer ospatua badagoela uste dut.

Hainbeste denbora eman duzue batera?

B.R: Entrenamendu asko izan dira batera, partidak, masajistara ere batzuetan batera joan gara, telefonoz ere ordu asko. Azkenean, gauza bategatik edo besteagatik, ia egunero zerbait. Hainbeste ordu ez dut uste azkenaldian beste inorekin pasa dudanik.

Nork gidatzen du? Musikarekin arazorik bai?

B.R: Partidetara normalean bakoitza bere etxekoekin edo lagunekin joaten da, baina bestela askotan joan gara elkarrekin. Txandatuz joaten gara, bakoitza bere kotxea gidatuz. Nire kotxean normalean irratiarekin eta berean irratia eta noizbait USB-an eramandako kanturen bat, baina ez daukagu arazorik horretan.

D.E: Nik gidatuz gero, denbora pixka bat gehiagorekin irten behar –barrez–.

Danel, txapelik bada, aitarentzat? [2014an hil zen]

D. E: Noski, eta ez badago, egin dudan txapelketa ere beretzat da. Bera da gehien lagundu didana, frontoian nirekin ordu gehien pasa duena.