INFO

EAEko 4.450 familiak etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa eska dezakete

EAEko 4.450 familiak jasoko dute datozen egunetan etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak betetzen dituztela jakinarazten dien gutuna. Eskubide subjektiboaren aitorpena aintzat hartzeak alokairuko erregimeneko etxebizitza bat esleitzea eragin dezake, edo, etxebizitza eskuragarririk ez badago, alokairurako laguntza ekonomiko bat jasotzea.

Donostiako Gros auzoko etxebizitza. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Lakuako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 4.450 familiari gutun bidez jakinaraziko die etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak betetzen dituztela. Izan ere, Etxebiden erregistratutako pertsona kopuru horrek, legeak planteatutako baldintzak betetzen dituen arren, oraindik ez du eskubide hori tramitatu.

Eskari hau egiteko baldintzak etxebizitza edo bizitoki egonkorrik edo egokirik ez izatea, Etxebideren alokairuko erregimeneko etxebizitza babestuko eskatzaileen eta zuzkidura-bizitokiko eskatzaileen erregistroan inskribatuta egotea, 3.000 euroko sarrera minimoak egiaztatzea eta 3 kideko edo gehiagoko bizikidetasun-unitateetan urtean 15.000 euroko sarrera haztatu maximoak ez gainditzea, 2 kideko bizikidetasun-unitateetan 12.000 euroko sarrera haztatu maximoak izatea edo kide bakarreko bizikidetasun-unitateetan9 .000 euroko sarrera haztatu maximoak izatea dira.

Datorren ostegunean, apirilaren 5ean, hasiko dira jakinarazpenak banatzen. Gutun guztietan, dagokien eskaera ere txertatuko zaie. 701 Arabari dagozkio, 2.754 Bizkaiari eta 995 Gipuzkoari.

Eskubide subjektiboaren aitorpena aintzat hartzeak alokairuko erregimeneko etxebizitza bat esleitzea eragin dezake, edo, etxebizitza eskuragarririk ez badago, laguntza ekonomiko bat jasotzea (hilean gehienez 250 eurokoa), alokairu hori ordaintzera soilik zuzendu ahal izango dena. Gaur egun, EAEn 2,437 pertsona edo familiari aitortu zaie eskubide subjektibo hori.