INFO

Altsasukoa «terrorismo» gisa epaitu ez dadila eskatzeko bat egin dute zortzi sindikatuk

CCOO, ELA, LAB, ESK, CGT, Steilas, Hiru eta EHNEk adostutako adierazpenean, Altsasuko gazteen aurkako auzian «terrorismo delituaren kalifikazio penala deusesteko», espetxealdi prebentiboaren kautelazko neurria kentzeko eta instrukzioa Nafarroara itzultzeko eskatu dute. Era berean, «errugabetasun presuntzioa» eta «epaiketa justu baterako eskubidea» errespeta daitezela galdegin dute.

Altsasuko gazteen aldeko mobilizazioa, Leitzan, Nafarroan barrena egindako biraren baitan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

«Elkarbizitza, askatasuna, justiziarekiko konpromisoa eta giza-eskubideekiko errespetua eta Zuzenbidezko Estatu Demokratikoa osatu behar duten printzipioak aintzat hartuz», Altsasuko gazteen aurkako auzian ematen ari diren gertakarien aurrean «kezka» agertu dute, adierazpen bateratu batean, CCOO, ELA, LAB, ESK, CGT, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek.

Gogoratu dutenez, 2017ko martxoaren 23ko autoan, Nafarroako Auzitegiak jaso zuen «ez dela ustezko terrorismo delitua leporatzeko zantzurik aurkitu» eta, hortaz, herrialdean bertan egin beharko litzatekeela auzia. Auto horretan, gainera, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak egindako txostenek ere gertakariak «terrorismo delitutzat» jotzea baztertzen zutela aipatu dute sindikatuek.

Testuinguru honetan, auziperatuen aurkako 375 urte batzen dituzten espetxe zigor eskaerak eta duela hamasei hilabete espetxealdi prebentiboan dauden hiru altsasuarren egoeraren aurrean «errefusa» adierazi dute.

«Gertakariei ezarritako kalifikazio penalaren desegokitasunak, leporatze horiek eutsi ahal izateko behar diren betebehar juridikoak ez betetzeak, proportzionaltasun-faltak eta tipo penalen interpretazio hedakorrek pertsona guztiak babestu behar gaituzten askatasunak berme prozesalak eta segurtasun juridikoa» urratzen dutela azpimarratu dute sindikatuek.

Hori dela-eta, «errugabetasun presuntzio, defentsarako eskubidearekiko urraketarik gabeko epaiketa justuaren eskubide eta epaile naturalaren eskubidearekiko errespetua» aldarrikatu dituzte sindikatuek.

Gainera, «terrorismo delituaren kalifikazio penalaren deusestatze, presoaldi prebentiboko kautelazko neurriak kentzea eta kasu honen instrukzioa Nafarroako auzitegietara itzultzea» galdegin dute.