INFO

Katalunia eta greba eskubidearen aldeko adierazpena egin dute ELA, LAB, CIG eta I-CSC sindikatuek

Kataluniako I-CSC sindikatuak ELA eta LABen babesa jaso du, baita Galizako CIGena ere, datorren apirilaren 25ean, azaroaren 8an greba deitzeagatik izango duen epaiketaren aurrean. Greba hura «politikoa» izan zela leporatzen diete.

ELA, LAB, I-CSC eta CIG sindikatuek Santiagon egin dute agerraldia. (LAB)

Apirilaren 25ean epaituko dute Kataluniako I-CSC sindikatua, iazko azaroaren 8an greba deitzeagatik. Kataluniako patronalak jarritako salaketan oinarrituta, sindikatu «ordezkagarria ez izatea» eta «greba politikoa» izan zela leporatzen diote.

I-CSC sindikatuak Euskal Herria eta Galizako sindikatu nagusien babesa jaso du Santiagon egindako agerraldian. ELAko zuzendaritzako kide Joseba Villarealek eta LAB, CIG eta I-CSC sindikatuetako idazkari nagusiek, Garbiñe Aranburu, Paulo Carril eta Carles Sastrek, hurrenez hurren, adierazpen bat aurkeztu dute bertan.

Katalunian bizi den unea «benetako salbuespen politikoa» dela eta iazko erreferendumetik hona izandako gertakariek agerian utzi duela «espainiar erregimen autoritario eta antidemokratikoaren noraeza». Sindikatuek PPren Gobernuaren jarrera eta PSOE eta Ciudadanosen babesa arbuiatu dute.

«Agerian geratu da erregimen honen jopuntuan daudela emantzipazio prozesu herrikoi eta
demokratikoak, eta gure askapenaren aldeko borrikan dihardugun organizazio politiko eta
sozialak nahiz mugimenduak», gaineratu dute. Honen aurrean 155. artikulua indargabetu eta urriaren 1eko erreferendumean eta abenduaren 21eko hauteskundeetan erabakitakoa «bere onera ekartzea» eskatu dute. Bide beretik katalanuniako preso politiko eta erbesteratuen askatasuna aldarrikatu dute.