INFO

Mingaina Dantzan! udalekuak zabalik, testuinguru euskaldun eta erdaldunetako nerabeentzat

Lakuako Kultura eta Hezkuntza Politika Sailak Mingaina Dantzan! udalekuen bigarren edizioa aurkeztu du, UEMA eta Eudelekin batera. Joan den udan egin zuten lehenbiziko edizioa. Euskaraz bizi diren nerabeak eta D ereduan ikasi arren eskolaz kanpo euskaraz mintzatzeko aukera gutti dutenak nahasi zituzten, euskaraz bizi zitezen, ongi pasatuz, jakina, horixe baita udalekuen helburua. 

Mingaina Dantzan udalekuen antolatzaileak, aurkezpenean.

Euskaraz eta euskararekin dibertitzeko dira Mingaina Dantzan! udalekuak. DBH1 eta 2ko ikasleei zuzenduta daude. Berrizko Olakueta aterpetxean eginen da, bi txandatan, uztailaren 4tik 13ra eta uztailaren 16tik 25era, eta bakoitzean 30 gaztetxorentzako lekua egonen da. Kirol ekintzak, naturarekin harremana, ekintza musikalak... Udalekuek eman ohi dituzten aukerak emanen ditu, baina berezitasun batekin, nerabeen artean euskararen erabilera bultzatzeko estrategiak ikertzeko balioko du, gero bertze udalekuen esku uzteko; eskoletara eramateko ere bai, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak agertu duenez.

Esplikatu duenez, Lakuaren xedea ez da udalekuak antolatzea; bertze batzuk arduratzen dira horretaz eta eskaintza zabala dago jada. «Gobernu gisa dagokiguna estrategiak ematea da, hezitzaileak nola formatu azaltzea, nola antolatu beste era batera, hizkuntzaren ikuspegitik».

Mingaina Dantzan! udalekuen lehenbiziko edizioan egindako ikerketa lanarekin materiala prestatu dute eta interneten jarriko dute denen eskura. Korreo elektronikoa ere zabaldu dute, udalekuetan izena emateko (mingainadantzan@gmail.com)

Iaz %75etik gorako euskararen erabilera neurtu zuten, lortu zuten gaztetxoek euskaraz egitea, hainbat estrategia erabiliz. Aurten estrategia horiek hobetu eta ikertzen segituko dute.