INFO

Bidesarien epaiaren ostean, Aldundiak ez du B plana azaldu

Bidesarien aurkako epaiari helegitea jarriko dio Gipuzkoako Aldundiak. Bien bitartean ez ditu bertan behera utziko, ezta dirurik itzuliko ere. «Ez dago atzerapausorik», berretsi zuen. Badirudi ez duela Auzitegi Gorenak kontrako ebazpenik ematea espero; hala gertatuz gero zein alternatiba dituen ez du azaldu oraindik foru Gobernuak.


Gipuzkoako Aldundiak N-1 eta A-15 errepideetan ezarritako bidesariek bere horretan jarraituko dute. Ez du atzerapausorik emango erakundeak. Irmotasunez mintzatu zen atzo Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua. Zuzenketarik ez, beraz, EAEko Auzitegi nagusiak ebatzitakoaren ondotik; alegia, kanona baztertzailea dela kanpoko garraiolarientzat. Orain, 30 eguneko epea du foru Gobernuak kasazio-errekurtsoa aurkezteko, eta horretan ari da.

Orain arte azaldutako jarreraren arabera, eta Oiarbideren hitzak aintzat hartuta, ez dirudi Aldundiak beste kontrako epairik jasoko duela espero duenik; behintzat ez du azaldu zein den foru Gobernuaren asmoa Auzitegi Gorenak aurreko ebazpena berretsiz gero.

«Epaiak ez du auzitan jartzen bidesariak kobratzea, baina kanpoko garraiolariekiko zeharkako diskriminazioa aipatzen du, eta horrekin ez gaude ados», azpimarratu zuen, sistemaren diseinuan egin den lana goraipatuz. «Lan handia eta zorrotza egin dugu Europako direktiba betetzeko; hau da, free flow teknologian oinarritutako sistema moderno eta aurreratua asmatzeko orduan ondo zaindu ditugu bai alderdi juridikoa bai teknikoa», esan zuen.

Diputatuak aipatu zuen N-1 errepidean bidesaria ezartzeko gaia aztertzen hasi zirenetik harremanetan egon direla Europako Batzordearekin. «Prozedura zehatza izan da eta guztiz errespetatu da Europar Batasuneko araudia. Europako Batzordeari galdetu genion sistema honek betetzen ote zuen direktiba, eta Batzordearen irizpenak hitzez hitz dio direktibaren 7. artikulua betetzen duela», zehaztu zuen.

Bere hitzetan, Europako irizpena Sustapen Ministerioaren bitartez iritsi zen, eta Ministerioak Gipuzkoako Aldundiaren interpretazio bera egiten zuen direktiba betetzeari dagokionez. «Horrenbestez, garbi gelditzen da bete ditugula Europako Batzordearen berme juridikoa lortzeko beharrezkoak diren izapideak. Oso fin jokatu dugu lan hori egiterakoan».

Interes orokorra argudio

Helegitea lantzen duten bitartean, bidesariek indarrean jarraituko dute, nahiz garraiolariek eteteko eskatu. «Kamioientzako kanona geratzeko iritsi da. Interes orokorra babesteko bultzatu dugun neurri bat da. Era berean, legealdi hasierako konpromiso bat da, Batzar Nagusiek aurreko legealdian hala eskatu ondoren. Eta lanean jarraituko dugu, seriotasun eta zorroztasun osoz, orain arte bezala, konpromiso hori betetzeko», esan zuen.

Jabier Larrañaga Ogasun diputatua ere mintzatu da auziaren inguruan. Esan duenez, bidesariek ematen dituzten diru sarrerak ez dira Aldundiko diru-kutxak ezegonkortzeko bezain handiak.